P { margin-bottom: 0.21cm; }Zumarraga Iñigo Muruaren tratamendua ordaintzen laguntzeko hainbat eragilek antolatutako Tantaz tanta Iñigo laguntzeko egitasmoaren baitan, Urretxu-Zumarragako Ikastolako DBHko ikasleek dantza ikuskizuna egingo dute etzi eta ostegunean 19:30ean, Zumarragako Zelai Arizti aretoan.
Oraingoan, Iñigo Muruaren ikaskideak eta irakasleak elkartu dira. Ikasturtea amaitu duten arren, arratsaldero Ikastolako bidea hartu dute entseguak egiteko. «Elkartasunaren ikasgaian denek atera dute nota bikaina, aho batez azaldu baitira laguntzeko prest», dio Ikastolako andereño batek.
Antolatzaileek ekaina partean Iñigo Muruaren aldeko ekintzak «pilatu» direla diote, baina «ez genuen beste modurik uda eta oporrak atarian ditugula ikusita». Edozein modutan, udako oporraldiaren bueltan Muruaren aldeko ekimenak segida izango du; tratamendurako laguntza beharrezkoa izaten jarraituko duelako.
Sarrerak salgai
Etzi eta ostegunean, DBHko ikasleen dantza ikuskizunerako sarrerak 5 euroan salduko dituzte Zelai Arizti aretoko leihatilan jaialdia hasi aurretik. Lagundu nahi dutenek, gainera, 0 ilarako sarrerak erosteko aukera dute.