Mikel Iturriotz urretxuarra Euskal Herriko XXV. Eskolarteko Bertsolari Txapelketako txapeldunordea da. Orion jokatu zen finala aurreko larunbatean, eta nagusien mailan (15-18 urte) goierritarrak nagusitu ziren Iturriotzen aurretik Gemma Urteaga beasaindarrak jantzi baitzuen txapela.
Ederki aritu zen Iturriotz, lasai egon zen taula gainean eta saioan sartzea "kostatu" zitzaiola esan duen arren, behin burua barruan izan zuenean kontzentratu eta bukaera aldean "gehiago geratzeko gogoa eman zidan". Iturriotzen hitzetan, "beharbada, ez nuen kristonako bertsorik bota, baina gustura geratu nintzen egindako lanarekin". Azken eskolarteko txapelketa izan da urretxuarrarentzat 18 urte dituelako jada.