Papa Lo (Louga-Senegal, 1986) Urretxun bizi dela hiru urte dira. Zumarragako zein Urretxuko kaleetan egiten du lan, orgatxoari tiraka arropak eta osagarriak saltzen ditu kalean. Aurretik Bilbon (Bizkaia) bizi izan zen, eta aukeran Urretxu eta Zumarraga «nahiago» ditu.
Zer egingo duzu Santa Isabel jaietan?
Lan egingo dut, eta lana amaitzean formal-formal etxera joango naiz.
Gustatzen al zaizkizu jaiak?
Guretzat onak dira jaietan gehiago saltzen dugulako. Jende asko kalera ateratzen da, eta gure lana egiteko aukera gehiago dugu. Jendea kalean ez badabil, zailagoa da guretzat. Pintxo lehiaketak ere lagundu zigun.
Hiru urte hauetan krisia nabaritu al duzu zure jardunean?
Bai, asko. Nabaria da jendeak diru gutxiago duela.
Zerk bultzatu zintuen Senegal uztea?
Lan egitera etorri nintzen, familiari laguntzeko bide bila.
Zergatik aukeratu zenituen Urretxu eta Zumarraga?
Hasieran Bilbon bizi izan nintzen, baina hura hiria izanda arazo gehiago sortzeko aukera dago. Bilbon nengoenean asteburuetan lanera etortzen nintzen, eta hemen geratzeko erabakia hartu nuen. Niri asko gustatzen zait hemengo jendea, oso jende zintzoa da, eta laguntza asko jaso dut.
Zeren falta sumatzen duzu gehien?
Familia, nire herria, hondartzak, Senegaleko klima… Han zortzi hilabeteko uda dugu, gainontzekoa negua da. Hemen euri asko egiten du; hori izan da, beharbada, gogorren egin zaidana lana ere zailtzen digulako.
Zumarragan, halere, baduzu familiarik, ezta?
Ezin hobeto zaintzen nauen norbait daukat, Begoña nire hemengo ama da. Sukarra badut ospitalera eramaten nau, eta bizilekua ere berak topatu zidan… Orain egun batzuk, gainera, nire anaia iritsi da. Gaztelaniaz ez daki, eta nire itzalera etorri da; bere etorrerak poztu egin nau.
Eguraldiaz gain, hemengo bizitzara egokitzerakoan non aurkitu dituzu arazorik handienak?
Egia esateko, hain gustura nago hemengo jendearekin ez nagoela kexatzeko. Nahiago nuke eguraldi hobea egingo balu, baina orokorrean pozik nago. Lana egiteaz gain, ikasi egiten dut arratsaldeetan, eta igandeetan Gipuzkoako senegaldar ugari Legazpin elkartzen gara futbolean jolasteko.