Antioko interpretazio zentroko lanen egoera erakutsi dute Mikel Serrano Zumarragako alkateak eta Pau Llimona arkitekto arduradunak. Eraikina bukatuta badago ere, taberna zein jatetxea ez dira martxan egongo Santa Isabel jaietako egunik handienean, Antioko erromerian, alegia. Egun horretarako, uztailak 2, komun publikoak irekita egongo dira eta kuadrillentzako mahaiak ere prest egongo dira.
«Santa Isabel eguna zetorrela eta eraikin kanpoaldeko lanak lehenetsi ditugu», esan du Llimonak. «Mahaiak, komunak eta kanpoaldea txukun egotea izan da gure lehentasuna. Hori guztia eguraldia kontra edukita egin behar izan dugu».
Serranok taberna «hornituta» dagoela adierazi du, «baina zentroa bere osotasunean inauguratu nahi dugu». Inaugurazio hori nolakoa izango den galdetuta, alkateak erantzun du: «Interpretazio zentroari dagokion erakoa izango da. Zuzeneko musika emanaldi bat daukat buruan». Baliteke gauez ekitaldiren bat egitea.
Edozein modutan, inaugurazio hori uztailaren amaiera aldera izango dela iragarri duen arren, ordurako museoa ez da irekitzeko moduan egongo. «Museoaren atal bat irekitzeko moduan egongo gara, baina ez espazio guztia», azaldu du Llimonak. Atzerapen hori honela arrazoitu du arkitektoak: «Baliabide digitalak gehitu dizkiogu eta horrek hainbat proiektua egokitu beharra eragin du». Museoko baliabideetan euskara eta gaztelania erabiliko badira ere, informazio guztia beste hizkuntza batzuetan emateko asmoa daukate.
Antioko erromeriako bi txosnak Bide Bide enpresak ustiatuko ditu. Hala ere, udal ordezkariak eta hainbat eragilerentzako bazkaria ez du enpresa berak emango. Serranok azaldu duenez, «aurten ikusiko dute nola egiten den eta datorren urtean Bide Bidek emango du bazkaria». Zentrotik Antioko baselizara doan lotunea amaitu dute, harlauzak jarri dituzte lehorreko pasabide bat sortze aldera.
Haur parkea
Haur parkea ere ez dute amaitu. «Ez gaude konforme parkearen ardura duen enpresak egindako lanarekin, eta segurtasuna bermatzeko neurriak har ditzaten eskatu diegu», esan du Llimonak. Parkea izango denaren oinarria egon badago, baina lanak gelditu eta enpresari aldaketak egiteko eskatu diote.