Bihar, ekainak 28 Sexu Askapenerako Nazioarteko Eguna dela eta, deklarazio instituzionala publiko egin du Urola Garaiko Mankomunitateak. Urretxuko udaletxean egin duten agerraldia gaur goizean Begoña Pereira, Zumarragako berdintasun zinegotziak, Jon Altolagirre, Lourdes Lasa, eta Lourdes Ugarte Urretxuko, Ezkio-Itsasoko eta Legazpiko gizarte zerbitzuetako zinegotziek eta Oihane Zabaleta Urretxuko alkateak.
Aintzat hartu beharreko konpromisoen artean, ondokoak azpimarratu dituzte:
- Lesbiana, gay, transexual eta transgeneroen eskubide eta askatasun publikoak defendatzea politikoki onartu eta babestea. Horretarako diskriminazioaren aurkako politika aktiboak sustatuko dituzte sexu joera eta identifikazio ezberdinen normalizaziorantz bideratuak, eta dauden aurreiritzi eta estereotipoak gainditzeko jarrera irekia garatuko dutenak.
- Homofobia, lesbofobia eta transfobiaren aurkako informazio eta sentsibilizazio kanpainak sustatzea, zeinek herritartasun solidarioaren kontzientzia sortzea helburu izango duten. Kontzientzia honek jarrera aldaketa eta pertsona lesbiana, gay, transexual eta transgeneroenganako aurreiritzi eta mesfidantzak desagertzea erraztuko du. Talde hauek beren egunerokotasuna azal dezaten beste herritarren berdintasun, askatasun eta errespetuzko baldintza beretan.
- Formazio programa eta hezkuntza planak jartzea eskualdeko ikastetxe, kale hezitzaile eta gazte guneen eskura. Aipatu taldeetakoak diren pertsonak baztertuak izan daitezen saihesteko eta ikasleak beren identitate, afektibitate eta sexualitatea osotasunean gara dezaten eta beren bizitza proiektuak, eta eskubide guztiak oztoporik gabe goza ditzaten bermatzeko.
- Eskumena duten agintariei helaraztea pertsona transgenero, transexual, lesbiana eta gayen eskubide eta askatasunak babestearen alde jardun eta transexualitatea despatologizatzen lagundu behar dutela eta horretarako, genero disforia liburu psikiatrikoetatik kentzeko eskatu.