Ostegun iluntzean egin den Urretxuko osoko bilkuran hainbat gai landu ditu udalbatzak. Lehenik eta behin, gaur ospatzen den Sexu Askapenerako Nazioarteko Egunarekin bat egin zuen udalbatzak. Urola Garaiko Mankomunitatean alderdi guztiek adostutako adierazpen instituzionala irakurri zuen Jon Altolagirre Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak. Adierazpena aho batez onartu zuen udalbatzak.
Bigarrenez, Zumarragako Lamorous Argixao gerontologikoko langileak maiatzaren 14tik aurrera eramaten ari diren grebaren harira, langileei eta egoitzako erabiltzaileei elkartasuna adierazi, eta dagokionari ardurak eskatzeko alderdi guztien artean adostutako mozioa eraman zuen udalbatzak osoko bilkurara.
Mozio honek bost puntu biltzen ditu:
- Gipuzkoako zaharren egoitzetan lanean ari diren langileen lan baldintzak mantentzea eskatu du Urretxuko Udalak.
- Adegi-Lares patronalaren eta ordezkaritza sindikalen artean bitartekaritza lanak egin ditzala eskatzen dio Urretxuko Udalak Gipuzkoako Foru Aldundiari. Gatazka “denbora gehiegi” irauten ari dela eta, orain arte lortu den bakarra “erabiltzaileei eta beren sendikoei, baita langileei ere sofriaraztea” izan da.
- Gipuzkoako zentroen %80an patronalaren eta sindikatuen arteko aurre-akordioak lortu dira. Horregatik Urretxuko udalbatzak bere eskumeneko kudeaketa erantzukizunei aurre egiten jarraitzeko eta sinatu beharreko hitzarmena erabiltzaileei arreta hoberena eskaintzeko kalitatezko parametroen barruan sartzeko baldintzak sortu eta ahalbideratu ditzala eskatu dio aldundiari.
- Patronalari ez dezala egoitzetako gatazka judizializatu eskatu diote. Era berean, alderdi guztiei dei egin die, alderdi sindikala barne, erantzukizunez jokatu dezaten.
- Lamorous Argixao egoitzaren gatazkan akordio bat lor dezatela eskatu dio udalbatzak Aldundiari, patronalari eta sindikatuei.
Amaitzeko, Bildu taldeko Josu Sierrak zinegotzi karguari uko egin diola jakinarazi zion udalbatzari Oihane Zabaleta alkateak. Haren ordez, Idoia Ormazabalek hartuko du zinegotzi kargua hemendik aurrera.