Urretxuko Santa Anastasia jaien egitaraua aurkeztu berri du jai batzordeak. Aitor Otegi jaietako zinegotziak azaldu duenez, «egitarau zabala, oparoa eta anitza» izango da aurtengoa. Santa Anastasia jaien antolaketan «inoiz baino jende gehiagok» hartu du parte oraingoan. Uztailean zehar egin dituzten bileretan «50 bat pertsona» aritu dira lanean.
Aurtengo jaietarako aurrekontua «gehiago estutu» duten arren, ekintza gehiago egongo direla aurreratu dute. Horrekin lotuta, Kontuak garbi ekimenarekin jarraituz, jaietako egitarauan gastuen nondik norakoak argitaratu dituzte aurten ere. Hain zuzen, antolaketa parte hartzaile hau, «festen arrakastaren adibide da» Otegiren esanetan.
Berrikuntza handirik ez
Egitarauari dagokionez, «ez dago berrikuntza handirik», baina badira azpimarratzea merezi duten zenbait ekintza. Larunbateko Folklore jaialdian parte hartuko duten taldeek, adibidez, «kalejira egingo dute Txistularien Alardearen ostean». Igandean, Euskal Jai eguneko karrozen ibilbidea amaitu, eta epaimahaiaren erabakiaren ondoren, «Taberna ibiltaria talde bizkaitarra kaleetan zehar ibiliko da euskal kantekin» giroa alaitzen.
Bestalde, herriko taldeen hip-hop jaialdia egingo dute larunbat iluntzean Domingo de Mendiaratz plazan, «jaiak herriko auzoetara zabaltzeko» helburuarekin. Astelehen arratsaldeko kuadrillen arteko jolasetan ere izango da berrikuntzarik. Soka tira proba amaituta, «txosna batzordeak eta Gazte Bideanek antolatuta, kuadrillen arteko jolasak egingo dituzte Urretxuko aldapan». Horrekin lotuta txosnetako egitaraua «festen osagarri garrantzitsua» dela azpimarratu zuen Otegik. Amaitzeko, «froga modura», ohiko Legazpikoaz gain, Antzuola, Bergara, Beasain eta Ordiziatik joan etorriko autobus zerbitzu bereziak jarriko dituzte larunbat iluntzean.