Jose Mari de la Piedad (Zumarraga, 1955) Jesusen Anaiak kongregazioaren buruetako bat da egun. Bruselan (Belgica) dago kongregazioaren egoitza, eta bera han bizi den arren, munduko hainbat tokitara joaten da kideei bisita egitera. Jesusen Anaiak lagunartearen berezitasuna da bizi diren komunitatearen biztanleen bizimodua bere egiten dutela. Ez dituzte parrokiarik, ez dituzte eskolarik, ez eta ospitalerik; pisu soiletan bizi dira gizartearen ertzeetan.
Zein da zure bokazioaren ernamuina?
Fede eta erlijio kontuek betidanik piztu dute nire interesa. Gaztetan elizetako isiltasuna gozatzen nuen, baita mendiko bakea ere. Isilune horietan, bertso bat etortzen zitzaidan burura Mari Trini abeslariaren ahotsean: nor zara zu ni hitzik gabe gertatzeko? Fraideetan ikasitakoa naiz, Zumarragako La Sallen lehenengo eta Xavierreko jesuitekin ondoren, Nafarroan. Horrenbestez, gaztetatik izan dut bizimodu erlijiosoarekiko jakin-mina, hala ere, nahiko berandu egin nintzen fraide, 30 urte ingururekin.
Zergatik aukeratu zenuen Jesusen Anaiak kongregazioa?
Ez da azaltzeko erraza. Lehenik eta behin, nik hautatu nuen ala berak hautatu ninduen? Ez daukat oso argi. Bokazio kontuak bitxiak izan ohi dira. Beste batzuek agian jainkoarekin zuzenean hitz egin dute, baina niri ez zait inoiz halakorik gertatu. Atzera begirakoan xehetasun ugari etortzen zait gogora; garrantzi gutxikoak dira, txikiak, baina nire istorioa margotzen dute eta barrutik egin naute. Hari horietatik tiratuta dator kongregazio honetara lotu nauena.
Zeintzuk dira xehetasun txiki horiek?
Adibidez, besteen oinazea sumatzeko dudan era eta ebanjelioaren pasarte batzuk irakurtzean sentitu izan dudana. Gogoratzen dut, esate baterako, fraide egiteko mugarria izan zen nobela bat. Gazteentzako literatura da, Jose Luis Martin Vigilen Una chabola en Bilbao. Eleberri horrek irudiak jarri zizkion barru-barruan nuen gogoari; bazter taldeen nahigabeak partekatzeko gogoari, alegia. Eleberri horretako protagonistak bizimodu erosoa alde batera utzi, eta Bilboko txabola auzo batera doa. Ez doa, ordea, proiektu jakin bat martxan jartzera; hangoak bezala bizitzera baizik.
Hangoak bezala diozunean zer esan nahi duzu?
Bazter taldeen bizi tokietara joan eta haiei honakoa esatea: «zure bizitzak badu balioa, maite zaitut, utz nazazu zurekin bizitzen». Gogo hori asetzeko bidea Jesusen Anaiak kongregazioan aurkitu nuen.
Kongregazioaren zertzelada batzuk emango zenituzke?
Frantzian sortu zen 1933an. Munduan sakabanatutako 250 anaiek osatzen dugu, eta guztiok komunitate txikietan bizi gara. Pisuetan bizi gara, beste edozeinek bezalako lanpostuak ditugu eta jubilatu ere, besteak bezala jubilatzen gara. Eliza kristauaren baitan kontenplaziozko kongregazioa gara, hau da, ez dugu parrokiarik, eskolarik ez eta ospitalerik.
Jesusen bizimodua al dago zuenaren oinarrian?
Bai. Jesus jende arruntaren eskolan hazi eta hezi zen, arotza zen. Eta esperientzia horretatik, hain zuzen, jainkoaren erreinuari buruz hitz egin zigun. Milioika dira bizimodu arrunta duten pertsonak; gure ustez, haien ondoan agertzen da jainkoaren aurpegia. Horrez gain, Jesusen ebanjelioa oso hurbil dago sufritzen dutenengandik. Guk ere baztertuekin bizi nahi dugu. Horregatik guztiagatik, gure egoitzak pisu soilak dira, bizilagunen bizimodua gure egiten dugu, auzo elkarteetan inplikatzen gara eta bakarrik dauden bizilagunak laguntzen ditugu. Lana egiten dugu, baina pobrezia botoari lotuta gaudenez, eskuekin egin ahal diren ofizioetan aritzen gara. Guretzat, bizimodu arrunt hau da, hain justu, jainkoa aurkitzeko bidea.
Azken urteotan zertan aritu zara lanean?
Lanak zerrendatu baino lehen zerbait esateko gogo handia daukat. Fraide izatea ez da ogibide bat, ama edo aita izatea ofizio bat ez den bezala. Fraide izatea bizimodu bat da, bizitza proiektu bat. Ez dauka egiten duzunarekin zerikusirik, bihotzetik ateratzen zaizunarekin baizik. Malagan (Espainia) bizi izan naiz luzaroan, eta Zaragozan (Espainia) ere bai. Lanbide asko izan ditut: lur arloetan harriak jaso ditut, txerri granja batean lan egin dut eta garraio zein lorezaintza enpresatan aritu izan naiz. Auzoko bizitza errotik bizi izan dut, eta baztertuetatik gertu egon naiz; besteak beste, Proyecto Hombre elkartearekin buru-belarri aritu naiz eta sindikatuekin ere lan egin dut.
Orain Bruselan zaude.
Sei urtean behin biltzar orokorra egiten dugu, Kapitulua deitzen diogu. Kapitulu horretan kongregazioaren martxa aztertzen dugu, eta lau lagunez osatutako taldea aukeratzen dugu. Lau kide horiek liberatu egiten ditugu taldearen zerbitzura egon daitezen. 2008an Bangalore-n (India) egin genuen Kapitulua eta ni aukeratu ninduten eginkizun horretarako. Urte hauetan lagunarte ugari bisitatu ditut Latinoamerikan, Asian zein Afrikan. Niretzat opari bat izan da kideak bertatik bertara ezagutzea, bere bizilagunekin nahiz lagunekin hitz egitea eta beren kezken berri izatea…
Zure bizimoduak zer ematen dizu?
Begiratzen ikasi dut, kongregazioak erakutsi dit. Nire buruari begiratzen, jainkoari begiratzen, besteei begiratzen. Begirada honek ihes egiten duen hori atzeman nahi du pertsonengan zein errealitatean, hau da, errealitatearen sakontasuna harrapatu nahi du.