Badoaz Urretxuko Santa Anastasia jaiak. Eguraldi onaren hauspoaz Urretxuko kaleak jendez gainezka daude ostiraletik. Gaur, kuadrillen eguna da, eta gazteen elastikoek goizetik kolorez jantzi dute herria. Orain, Ederrena pilotalekuan pisaketa lanetan ari dira arratsaldeko jokoak prestatzen. Antolatzaileek aurreratu dutenez hogei bat kuadrillek parte hartuko dute 17:30ean hasi eta 19:30ean amaituko diren jokoetan. Badago gaur beste hitzordu nabarmen bat, kantu afaria, hain zuzen. Gaurkoan gainera, Anje Duhaldek parte hartuko du Abenidako kantu festan, 21:00etatik aurrera.
Asteburukoen laburpen bat
Ostiraleko Mendiaraz anaien pregoitik abiatuta, Urretxuko jaiak ziztuan joan dira. Olinpiar jokoetan 10 kuadrillek parte hartu zuten ostiral gauean, eta festa guztietan argitu eta berotu duen eguzkia bidelagun, urretxuarrek kale gosea izan dute. Aitor Otegi kultura zinegotzia da Urretxuko Udalean, “herritarrak dira jai on batzuen bermea, eta aurten eguraldiak lagunduta urretxuarrek kalean egoteko gogoa izan dute. Kaleak beteta badaude badakigu festa onak izango ditugula”.
Larunbat goizean jazo zen jaietako gertakari bakarra. Idi probak bertan behera geratu ziren probalekuan olioa bota zutelako. Inork ez daki esaten, orain artean, ekintza honen arduradunak nortzuk izan ziren. Susmoak susmo, animalien kontrako tratu txarren aurkako talderen bat edo norbanako jakin baten hipotesiak daude herritarren ahotan.
Gertakari hori salbuespena izan da, halere. Larunbat gaueko gastronomia lehiaketan 56 kuadrillek parte hartu zuten. Guztiek sukalkia prestatu zuten eta 600 lagun inguru bildu ziren urtero Ederrenan egin ohi den afarira. Lehiaketako irabazleak Zalantza kuadrillako kideak izan ziren.
Atzo, Euskal Jaiaren egunak folklorea, bizi poza eta egiteko gogoa batu zituen. Egunak karroza desfilearekin jo zuen gaina. Gernikako Arbola lepo zegoen iluntzean, are beteago hamalau karrozek tokia hartu zutenean. Irabazleak KL kuadrillakoak izan ziren, uztailaren 7ko sanferminekin batera euskaldun ugariren lan hitzarmenak eten zirela gogora ekarri nahi zuen karrozarekin. Haur asko igo zen oholtzara saria jasotzera, izan ere, kuadrilla honek aspaldiko moldeak apurtu ditu, eta jende gazte-gazteak osatuta baino, 40 urte inguruko jende gazteak osatua da. Sariaren aurretik, Urretxuko Udalak, Oihane Zabaleta alkatea buru omenaldia egin zion Pedro Narbaiza zenari.