Enrique Magallon zenaren omenezko txirrindulari proba antolatu du Goierri kirol elkarteak biharko. Junior eta kadete mailetan dabiltzan txirrindulariek hartuko dute parte, «denboraldiko azken proba» izango den honetan, Javier Garcia de Andoin elkarteko lehendakariak esan duenez.
Guztira, 180 bat txirrindulari
Probari 16:00etan emango diote hasiera Antion bertan, baina «Urretxuko Mugitegiko biribilgunera iritsi arte irteera neutralizatua» izango da. Handik Legazpira, industrialdetik buelta Urretxura, Azipurutxotik barrena Azkoitira, handi bide beretik buelta berriz, Urretxura. Ezkio-Itsaso, Ormaiztegi, Gabiria, Liernitik Itsasora, Ezkiotik Eitzagara eta herritik barrena Antiora igoera. Guztira, 85 kilometroko proba izango da, eta ibilbidea «gogorra ez den arren», baditu bere zailtasunak. «Atagoitiko portua, Gabiriako gaina, Eitzagako portua eta amaieran, Antiora igoerak badute bere zailtasuna». Guztira, kadete eta junior mailako 180 bat korrikalarik parte hartzea espero dute.
Zikloturista proba igandean
Ez da Enrique Magallonen omenezkoa, hala ere, asteburu honetako bizikleta gaineko proba bakarra. Urtero bezala, elkarte arteko zikloturista proba izango baita igandean. Bestea ez bezala «proba irekia da, martxa bat, bizikleta gainean gozatzeko eguna da».
Urretxun hasita, Ormaiztegi, Mandubia, Azpeitia, Azkoitia, Urretxu, Ormaiztegi, Atagoitiko portua igo, eta Motxorrotik barrena Urretxura joko dute berriz. Guztira «84 kilometro pasatxoko ibilbidea da». Jose Mari Lasa plazan izango da irteera 9:00etan. Izen ematea 10 euro izango da.