Zumarragako Udalak San Gregorio parkeko irisgarritasuna hobetuko du. Urrian hasiko dituzte lanak eta hiru hilabeteko epean amaitzea aurreikusten dute. Udalbatzako alderdi guztiek aho batez onartu dute erabakia osoko bilkuran.
San Gregorio parkeko ur-hoditeriak berrituko dituzte San Isidro eta Elgarrestamendi artean; ur beltzak eta ibai-urak banatzeko asmoa daukate. Parkeko eskaileretako mailak aldatuko dituzte, eta San Isidro auzoko sarbidea hobetuko dute irisgarritasun legeei jarraiki. Eremu guztian led argiak jarriko dituzte eta hiri-altzari berriak jarriko dituzte, Mikel Serrano alkatearen esanetan, «banku berriak egun dauden tokietan kokatuko ditugu».
Espaloiak ere berrituko dituzte hainbat gunetan. Gasolindegitik Eitzagako frontoira doan espaloiko zoladura aldatuko dute. Errepidean zebra-bide bat ipiniko dute, eta ibilgailuek abiadura moteldu beharko dute zebra-bidea altxatu egingo baitute. Edozein modutan alkateak zehaztu duenez, «zebra-bide erosoa eta erraz igarotzeko modukoa izango da». Irisgarritasuna hobetzeko lanak San Isidro 2 zenbakian egingo dituzte, eta «arazo teknikoak tarteko San Isidro 6, 8, 10 eta 12 zenbakietako irisgarritasun hobekuntzak aurrerago egingo ditugu».
San Gregorioko eremuan dago Gi-632 errepidearen azpitik doan zubia. Alkateak Gipuzkoako Foru Aldundiarekin gaiaren gainean izandako hartu emanaren berri eman zuen, «aldundiarekin elkarlanean aritu nahi genuen, baina aldundiarentzat errepideko lanak ez dira lehentasunezkoak, eta zumarragarrekin daukagun konpromisoari erantzun nahian lanei ekitea erabaki dugu».
Oposizioak gaiari buruz esandakoaren berri izateko eta galde-eskeetan gertatutakoaren berri izateko irakurri bihar Goierriko Hitza