Ohi baino film gutxiago hartuko ditu gaur abiatuko den zineklub ziklo berriak. Orain artean zazpi pelikula eman badituzte, bost eskainiko dituzte gaur hasi eta azaroaren 29ra arte. Julen Arakama Butak21 zineklub taldeko kideak bi murrizketa mota aipatu ditu, «aurtengo lehenengo zikloan ikusle gutxiago etorri da eta diru laguntzak ere murriztu dira».
Ikusle beherakadak sarreren diru iturria gutxitu du eta Gipuzkoako Foru Aldunditik betidanik jaso izan duten diru laguntza bat ez dute jasoko. «Horregatik guztiagatik zikloa osatzeko moldatu behar izan gara. Film kopurua urritu dugu, eta besteak bezain arrakastatsua ez zen film klasikoaren emanaldia bertan behera utzi dugu». Zikloa iragartzeko liburuxka ere moldatu dute, «formatu ekonomikoago bat» erabili dute. Film gutxiago izanda zikloa laburragoa izango da oraingoan, eta abenduan ez da emanaldirik egongo.
Arakamak taldearen jarraitzeko gogoa agertu duen arren, zalantzak azaldu ditu, «zineklubarekin segitzeko asmoa daukagu, baina ikusteko dago zeintzuk diren gure baliabideak».
Ilunabarra baino lehen
Before sunset –Ilunabarra baino lehen– filmak emango dio hasiera bihar, 22:15ean zikloari. Film estatubatuar hau trilogia baten azkena da. Richard Linklater zuzendari estatubatuarrak bikote baten istorioa kontatzen du, lehenengoz elkartu zirela 20 urte bete direnean. «Amets egiteko garaia joan zaie jada, eta oraina baino ez dute esku artean», azaldu du Arakamak. Trilogia osatzen duten beste bi filmak ikusi gabe ere, «ikusleek haria erraz jarraituko dute» erantsi du.