Osoko bilkura ospatu zuten atzo iluntzean Urretxuko udaletxean. Aurreko batzarraldietako aktak eta alkatearen ebazpenak aho batez onartu eta gero, gai-zerrendan egun horretarako proposatutako gaiak landu zituzten.
2014ko lan egutegiari dagokionez, herriko jai eguna udalbatzari proposatzea zegokion alkateari. 2014Ko irailaren 22a izendatu du Santa Anastasia eguna. Alderdi guztiak bat etorri ziren proposamenarekin, eta hortaz festetako jai eguna izango da irailaren 12a 2014an.
Nerabe eta gazteen zerbitzua indartzea
Hurrengo puntuan, Urretxuko Udalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren arteko lankidetza hitzarmen bat hartu zuten aintzat. Hitzarmen honen helburua, egun martxan dauden nerabe eta gazteentzako zerbitzua osatzea, indartzea eta balio erantsia ematea izango dira. Urretxun, zehazki Gazte Bideanek kudeatzen duen zerbitzua da, hain zuzen.
Udalak eta aldundiak onartu dituzten baldintzen artean ondokoak daude, besteak beste:
- 2013an zehar udala eta aldundia elkarlanean aritzea.
- Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Gazteria eta Kirol departamentuak lankidetza egitasmoa aurrera eramateko Gazteria Zuzendaritza Nagusiko aholkularitza zerbitzua eskainiko du.
- Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Gazteria eta Kirol departamentuak 11.200 euroko diru-laguntza emango du udalak haur eta gazteen sustapenerako sistema ezartzeko.
- Urretxuko Udalak jarduera plana garatzeko beharrezkoak diren giza baliabideak eta bitarteko materialak jarriko ditu.
- Urretxuko Udalak haur, nerabe eta gazteen alorrean hobekuntza egitasmo bat diseinatuko du.
- Urretxuko Udalak Gaztesare intranetean herriari buruzko datuak sartu eta eguneratuak edukitzeaz arduratuko da.
- Jarraipen batzorde bat eratu daiteke udaleko hiru ordezkarik eta aldundiko Gazteria Zuzendaritza Nagusiko beste hiruk osatuta.
Hitzarmen honi hasierako onespena ematea onartu zuen udalbatzak aho batez.
Adineko egoitzetako tarifak gora
Amaitzeko, galde eta erreguen atalean Jon Altolagirre Bilduko zinegotziak Gipuzkoako Foru Aldundiak adinekoen egoitzetan tarifak igoko dituela jakinarazi zuen, informazio moduan. Tarifen igoera 2013an, 2014ean eta 2015an egingo da, eta adinekoen egoitzetako langileek hitzartutako konbenioaren baldintzak bermatzea du helburu. Gizarte zerbitzuetako zinegotziak argi utzi nahi izan du, igoera honek ez diela erabiltzaileei eragingo.