Xabier Jauregirentzat (Caja Rural) izan da Enrique Magallonen omenez Goierri kirol elkarteak antolatu duen txirrindulari lasterketako irabazlea. Bere atzetik helmugaratu dira Jon Madariaga (Limousin Cartonajes) eta Iker Guretxealde (Laguntasuna). Mendiko lasterkari onenari saria Mikel Matxineak (Limousin Cartonajes) eraman du eta herriko onena Goierri txirrindu elkarteko Mikel Salaberria izan da.
Guztira, 85 kilometroko proba izan da, eta ibilbidea gogorra izan ez den arren, izan ditu bere zailtasunak. Atagoitiko portua, Gabiriako gaina, Eitzagako portua eta amaieran, Antiora igoerak izan dira punturik zailenak. Guztira, kadete eta junior mailako 57 txirrindularik hartu dute parte, antolatzaileek espero zuten parte hartze kopurutik urruti. Hori izan da gaurko lasterketak izan duen alde oker bakarra gainotzean balorazio guztiz positiboa egin baitute Goierri elkartekoek. Enrique Magallonen omenezko lasterketa hau izan da txirrindu denboraldiko azken proba maila hauetan.
Parte hartu duten txirrindulari guztietatik 40k lortu dute ibilbide osoa gauzatzea. Goierritik taldeko Salaberriaren lana azpimarratu nahi izan dute kadete izanik junior mailako lasterketa honetan bikain aritu delako.
Probari 16:00etan emango diote hasiera Antion , baina Urretxuko Mugitegiko biribilgunera iritsi arte irteera neutralizatua izan da. Handik Legazpira jo dute txirrindulariek, industrialdetik bueltan Urretxura eta Azipurutxotik barrena Azkoitira iritsi arte. Bueltako bidea hartu dute han berriz Urretxura ailegatzeko. Ezkio-Itsaso, Ormaiztegi, Gabiria, Liernira eta Itsasora joan dira gero, Ezkiotik Eitzagara jaitsi eta herritik barrena Antioko igoerarekin helmugaratzeko. Orokorrean giro bikaina izan da lasterketa guztian zehar, baita Antion hasierako eta amaierako unean ere.