Zumarragako berdintasun sailaren ekimenez sortutako aholkularitza juridikoko zerbitzuan 26 emakumeri laguntza eman diete. Otsailean martxan jarri zutenetik maiatzera bitarteko datuak dira. Emakume horietatik %90 baino gehiago zumarragarrak dira, eta kasu gehienak genero indarkeriarekin lotuta daude.
Datuak Aurora Iturriozek eman ditu, Goierri garaiko berdintasun teknikariak. Zerbitzuak astean behin hartzen ditu emakumeak, eta datuak esanguratsuak badira ere, Iturriozek prozesuetan jarri nahi du indarra: «Gure helburua datuak edukitzea baino istorioen atzetik joatea da». Emakume hauetako gehienek laguntza psikologikoa eskatu dute, «beren bikotekideei ez diete min eman nahi, harremana izaten jarraitzen dute eta aholkularitza zerbitzutik prozesu psikologikoa martxan jartzera animatzen ditugu». Prozesu hori abiarazteko aholkularitza zerbitzutik bertatik bailarako jabekuntza eskolara bideratzen dituzte.