Txanpon tabernako pintxoak onenak izan dira Pintxo Lehiaketan
Monterrey tabernak aurkeztutako buzkantza mokadua originalena izan da
Buzkantza Egunaren baitan Zumarragako Pintxo Lehiaketako sariak banatu zituzten atzo udaletxeko arkupetan. Txanpon tabernak eraman du pintxo onenaren saria eta Monterreyk pintxo originalarena. Hamasei taberna aurkeztu dira lehiaketara eta guztiek egindako lana azpimarragarria, tabernari guztien ustetan udaberriko lehiaketa baino zailagoa baita udazkenekoa derrigor odolkia edo buzkantza erabili behar dutelako. Odolki magdalenak, brazo gitanoak, kanutilloak, berenjenakin egindako biribilkiak… Aukera zabala izan da, eta zumarragarrek nahiz urretxuarrek ez dute kale egin. Taberna batzuetan 700 pintxo inguru atera dituzte, beste batzuetan ozta-ozta bete dute lehiaketaren ordutegia eta beste batzuetan iritsi ere ez dira egin. Parte-hartzaileen artean bi lagunentzako dastaketa afaria zozkatu dute, irabazlea Genar Melgar izan da.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Egin HITZAkide