Zumarragako Udalak hasi berri ditu San Gregorio parkeko hirigintza lanak
Lanak Mendiola enpresak egingo ditu bi hilabete eta erdian; 30 urtean ez dute lanik egin Eitzagako parkean
Mendiola eraikuntza enpresak ekin die Zumarragako San Gregorio parkeko lanei. Zumarragako Udalak aurten egingo dituen hirigintza lan nabarmenenak dira; lanen aurrekontua 414.000 euro ingurukoa da, BEZ barne. Urretxuko Mendiola eraikuntza enpresak bi hilabete eta erdiko epean egingo ditu San Gregorio parkeko berrikuntza lanak.
Eitzaga auzoko San Gregorio parkea, hirigintza lanei dagokienez ez dute ukitu azken 30 urteetan. Mendiolak hasi berri dituen lanetan arrapalen zabalera doituko dute, zoladura aldatuko dute, hiri-altzariak berrituko dituzte, ur hoditerien banaketa egingo dute –euri urak eta ur beltzak bereiziko dituzte–, kontsumo baxuko led argiteria jarriko dute eta eskaileretan hobekuntzak egingo dituzte. Irisgarritasuna hobetzeko Udalak gune osoaren irisgarritasuna hobetu nahi du.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Egin HITZAkide