Bertatik bertara proiektuaren baitako ekimena izango da aurten feriak izango duen berrikuntza.
Aurtengo Santa Lutzi egunak berrikuntza bat dakar: Bertatik Bertara proiektuaren gunea. Bertan, Urretxuko, Zumarragako, Legazpiko, Ormaiztegiko, Ezkio-Itsasoko eta Gabiriako ekoizleen produktuak ikusteko eta erosteko aukera egongo da.
Proiektu honek sei herri hauetako baserritarren eta ekoizleen lana balioan jarri nahi du. Oraingoz, 43 ekoizle eta 26 denda batu dira proiektura. Haragia, esnea, eztia, barazkiak, ogia, gazta, fruituak, fruitu lehorrak, sagardoa, marmelada, sagar zukua… daude aurkitu ahal izango diren produktuen artean. Bertatik Bertara gunea Areizaga-Kalebarren plazan jarriko dute, eta egitarau propioa izango du. Produktuak ikusteko eta erosteko aukeraz gain, show cooking saio bat eskainiko dute eskualdeko sukaldariek.
Ekimena Sonia Tapia sukaldariak eta Tolosako Sukaltalka tailer gastronomikoko kideak gidatuko du. Kabiako Juanma Hurtado (Urretxu), Kukoko Iker Markinez (Ormaiztegi) eta Mirandaolako Joseba Izagirre (Legazpi) sukaldariek zuzenean prestatuko dituzte bertako ekoizleek eramandako produktuak, 9:00etatik 12:00etara. Gainera, gunea girotzeko, bertako bertsolarien saioa ere izango da Areizaga-Kalebarrengo gunean.
Santa Lutzi eguneko egitaraua osorik ikusteko egin klik
hemen.