Igandean jokatu da sariketa Donostian, Antigua auzoko jaien barruan; hirugarren edizioa izan da aurten.
Maialen Akizu urretxuarrak Mikel Laboa bertso sariketa irabazi du igandean. Lehiaketaren hirugarren edizioa egin da aurten, Donostian, Antigua auzoko festen testuinguruan. Bertsolari gazteei zuzendutako lehiaketa da, eta aurten sei bertsolarik hartu dute parte bertan, Doka Kafe Antzokian egin den saioan.
Akizu «oso pozik» dago irabazitako sariarekin, eta ezustekoa izan dela aitortu du: «Gazteena nintzen eta ez nuen espero amaierara arte iristea». Sariketa irabazteko «lan dezente» egin behar izan du urretxuarrak, «zortziko handian, zortziko txikian eta hamarreko txikian hiruna bertso egin behar izan ditugu, eta kartzelako saioan bi punturi eta jarritako hitzari erantzun».
Buruz burukoan Aitor Salegirekin aritu zen Akizun. Bere iritziz, «maila onean aritu zen Salegi saio osoan zehar». Azkenean ordea, puntu erdiko aldea aterata Akizurentzat izan da garaipena.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Egin HITZAkide