Kale garbiketa zerbitzua aurrerantzean Zumarragarekin batera ez egitea onartu dute Urretxun. Pasa den asteartean Zumarragan egin zen osoko bilkuran bezala, Urretxun atzo hala erabaki zuen udalbatzak aho batez.
Bi herriek elkarrekin kontratatu duten orain arte zerbitzu hau. Unai Badiola Urretxuko Hiri Zerbitzuetako arduradunak azaldu duenez, “zerbitzuaren kostua, koordinazioa eta antolaketa Zumarragak hartu du bere gain %60an eta Urretxun %40an”. Proportzionaltasun hau bere horretan mantentzea “oso zaila” gertatu dela jakinarazi dute udal ordezkariek eta ez Zumarragan ez Urretxun ez zeudela jasotzen zuten zerbitzuarekin gustura. Hori izan da Badiolaren esanetan neurri handi batean bi udalak erabaki hau hartzera bultzatu dituen arrazoi nagusia.
Atzoko osoko bilkuran zerbitzu berria esleitzeko pleguak oinarri hauek biltzen ditu:
- Orain arten kontratatutako enpresak egin beharreko zenbait lan udaletxeko brigadak hartuko ditu bere gain aurrerantzean.
- Garbiketaren maiztasunari eman diote batez ere garrantzia. Epeak ondo zehazten saiatu dira orain arte arrazoi honengatik egon diren zenbait arazori irtenbidea ematearren.
- Elurteen kasuetarako udalak eta kontratatuko den enpresak koordinatuta lan egitea da helburua aurrerantzean.
Orain arteko langile berdinek jarraituko dute hemendik aurrera ere lanean, “zazpi langile subrogatuko ditu guztira udalak”, azaldu du Badiolak, bost astegunean lan egiteko eta bi asteburuetarako. Zerbitzua 380.000 euroko (BEZ barne) kostuarekin aterako da lehiaketara.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Egin HITZAkide