Bere lekuan behar luketen gorputz atal artifizialak egiten dituzte UGLE Urola Garaiko Lanbide Eskolan orain bi urte martxan jarri zuten Ortoprotesika arloko goi mailako zikloan: besoak, hankak, oinak… Protesiak, ortoprotesiak eta bestelako baliabideak sortzen dituzte, diseinutik hasi, materiala manipulatu eta jarri ondorengo mantenura arte.
Euskal Herrian halako ikasketak egiteko leku bakarra da Zumarragako zentroa, eta ostiralean jasoko dute ikasketa amaierako titulua lehen promozioko ikasleek. Ohiko ortoprotesika ikasketei prestakuntza eta baliabide teknologikoa eta ikertzailea gehitu diete, «innobazioa eta formakuntza gehituz». Hala, arlo sanitarioa eta teknologikoa uztartzen dituzte. Batuketa horregatik, «material eta forma berriekin innobatu ahal izan dute ikasleek, eta benetako eriekin benetako probak egin ahal izan dituzte», zehaztu du Xabier Arratibel UGLE fundazioko zuzendariak.
Lehen promoziokoen titulu banaketarako ekitaldia antolatu dute ostiralerako, eta orduan ezagutu ahalko da tituludunek eriekin egin duten lana. Goiz osorako ekitaldiak antolatu dituzte, Zelai Arizti aretoan hasi eta UGLEn bertan amaitzeko. Bestalde, hiru dimentsiotan inprimatzen duen gailuak nola funtzionatzen duen re erakutsiko dute ikasleek.
Sortu eta garatu
Guztira, 18 izango dira goi mailako ortoprotesika ikasketak amaituko dituzten ikasleak. Tartean bada goierritarrik, baina Arratibelek zehaztu duenez, Gipuzkoatik, Bizkaitik eta Nafarroatik ere etorri dira UGLEra ikasketak egitera. Izan ere, lan munduan aukera asko eskaintzen dituen lanbidea da ortoprotesikoena.
Espainian gutxi dira ikasketa hauek egiteko aukera eskaintzen duten zentroak, eta Euskal Herrian Zumarragan bakarrik dago horretarako aukera. Gainera, eri bakoitzera egokitutako beharren arabera lan egiteko aukera ematen dute ikasteketa hauek. Eta ez hori bakarrik, «laguntza teknikoa emateko gaitasuna ere badute ikasle hauek».
Xabier Arratibel (UGLE fundazioko zuzendaria):
«Benetako eriekin benetako probak egin ahal izan dituzte ikasleek»
Arratibelek azaldu duenez, elbarritasunen bat duen eriaren beharretara ingurua nola egokitu ere landu dezakete, eta berdin gurpildun aulkiak, muletak edo ibili ahal izateko bestelako gailuak egokitu ere.
Garapenari behar duen lekua egin diote UGLEn eta sortu duten esku bionikoa edo adimendun belauna jarri dituzte adibide. Hala, ikasturtean zehar protesiak behar dituzten pazienteekin egin dute lan zuzenean ikasleek, eta ostiralean lan horiek gertutik ikusteko aukera izango da.
Goiz osoko ekitaldia
Ostiralerako antolatu duten ekitaldian, ortoprotesika, innobazio eta garapen arloetako adituek parte hartuko dute, eta horiekin batera izango dira Zelai Ariztin eta UGLEn Eusko Jaurlaritzako, foru aldundiko eta eskualdeko erakundeetako ordezkariak, Espainiako Ortesisten eta Protesisten Federazioko presidenteak eta ortopedia ekoizleen elkarteko zuzendariak.
Goizeko bederatzietan hasiko da ekitaldia, Arratibelen agurrarekin, eta 12:00ak arte aditu ezberdinen hitzaldiak egongo dira. Handik UGLEra joango dira, aurtengo proiektuen aurkezpena egitera. Instalazioetan bisita eginez amaituko dute ekitaldia.