Zumarragako Udalaren jarrera salatu du Urretxuko eta Zumarragako Langileria taldeak
Zumarragako Udalaren politika «herritarren parte hartzearen gabezian oinarritzen» dela salatu du Urretxuko eta Zumarragako Langileria taldeak. Azaldu dutenez, «nekatuta» daude, «udalak hartzen dituen erabaki guztiak bertan dagoen alderdiaren interesetan oinarrituta» daudelako. Zehaztu dutenez, erabakiak ez dira «ez herritarren onurarako edo haei begira hartzen». Eta hori argudiatzeko hainbat «lekukotasun» eman dituzte: «Zumarragako airearen egoera hobetzeko lanik ez egitea, gazteentzako musika lokalen eskariari entzungor egitea…»
Urretxuko eta Zumarragako Langileria taldeak azaldu duenez, Antioko taberna kudeatzeko «3.012.450 euro eman dizkiote enpresa pribatu bati, bertako jendea kontratatzeko konpromisorik hartu gabe». Intermodala egiteko erabilitako dirua ere gehiegizkotzat jo du taldeak, eta salatu dutenez «parkinak kendu eta ordainarazi egin dituzte, trenen konbinazio kopurua eta bizikleten erabilera ez da handitu, eta aparkalekuaren erabilera eta garajeen salmenta baxua da».
«Entzungor»
Datu ekonomiko gehiago ere eman dituzte taldeko kideek, eta udal aurrekontuen banaketan alor batzutan eman den beherakada ez dutela begi onez ikusten salatu dute. Horren adibide da, esaterako, airearen kalitatea hobetzeko iaz udalak dirurik bideratu ez izana.
Gazteria, euskara eta hezkuntza alorretara bideratutako 367.000 euroak «miseria» bat direla esan dute, eta landa gunerako diru-laguntzen beherakadak udalak sektore horretaz «paso» egiten duela islatzen du beraien ustez. 2014ko aurrekontuak gora egin arren, «garrantzizkoak diren gaietan diru partidek behera» egin dutela ere salatu dute.
Eta berdin emandako datuak lortzeko izan dituzten «zailtasunak» ere, eta «datu zehatzetan trasparentzia falta» dagoela esan dute. Herritarren ahotsari «entzungor» egitea ere bada taldearen ustez, udalaren jarrera.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Egin HITZAkide