Urretxuko IX. Lore eta Landare azoka egingo dute igandean
Udaberria iristearekin batera, Lore eta Landare azokaren edizio berri bat antolatu du Urretxuko Udalak. Bederatzigarren aldia izango da aurtengoa, eta igandean egingo dute, Gernikako Arbola plazan, 11:00etatik 14:00etara. Guztira hamar ekoizleren produktuak jarriko dituzte salgai, eta «horietatik hiruk lehenengo aldiz hartuko dute parte», Unai Badiola zinegotziak esan duenez. Horien artean, aipatzekoak dira «Zurlan enpresak ekarriko dituen hazi jangarriak».
Goizean zehar «letxugak eta krabelinak landatzeko ikastaroa eta haurrentzako tailerrak» ere izango dira. Gainera, erosleen artean bost euroko gastu bakoitzeko txartel bat banatuko dute. Gero, guztien artean azokako produktuekin osatutako saski eder bat zozkatuko da.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Egin HITZAkide