Urretxuko Udalak Tokiko Agenda 21en II Ekintza Plana osatzeko lanari ekin dio, Urretxu jasangarriago baten alde. Prentsa ohar bidez jakitera eman duenez, datozen hilabeteetan burutuko duten lana izango da hau, eta horretarako herritarren parte hartzeak duen garrantzia azpimarratu nahi izan dute.
Udaletik aurreratu dutenez, datozen hiruzpalau hilabeteetan udal diagnostikoaren lanketa egingo dute. Horri begira, eta herritarrek euren iritzia eman dezaten hainbat bide eta mekanismo jarriko ditu udalak euren eskura. Batetik, herritarren partaidetza foroak antolatuko dituzte, Tokiko Agenda 21ean lantzen diren eta udal eskuduntzakoak diren arloei buruz hitz egiteko. Gizarte eta ekonomia foroa apirilaren 29an bilduko da, 18:30ean kultur etxean. Lurralde eta ingurumenari dagokiona, aldiz, maiatzaren 3an ordu eta leku berean.
Gainera,
urretxubiziz.com web gunean galdetegi bat dago , nahi duenak udalerriaren inguruko balioespen azkar bat egin dezan. Galdetegia apirilaren 30era arte egongo da betetzeko moduan.
Udaletik jakinarazi dutenez, plan berria herritar guztien plana izatea nahi dute, eta horregatik guztien parte hartzea garrantzitsua dela azpimarratu dute. Informazio gehiagorako 943 03 80 82 telefonora deitu daiteke.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Egin HITZAkide