Datorren maiatzaren 11rako, igande honetarako, Ostadar Mendi Taldeak Arabako Entzia Mendian egingo den ibilaldi eder bat antolatu du.
Entzia Mendia lurralde arabarreko Ipar-ekialdeko ertzean aurkitzen da. Urbasa Mendi nafarraren jarraipena da, eta bisitatzeko gune oso erosoa gainera, zeren eta haren zatirik handienean Iparretik zein Hegoaldetik gandor banaz hesitutako goi-ordoki batez osaturik dago, Arabako Lautadarantz zein Arana Haranerantz erortzen diren erori handiko amildegiz mugaturik.
Andoin herri arabarretik abiatuz Toberiako ur-jauzi politen ondoan pasatuko gara, gero Legaireko arrasoetara sartuko garelarik; bertan Kortaundiko trikuharria aurkituko dugu; Mendiluzeko cromlech edo mairubaratza (iruinarri zirkulua, solstizio-egutegia) bisitatzera joango gara ondoren. Ostera Iguaran haitzuloa, eta Arnoko ingurune ederra bisitatuko ditugu. Bikuñako atakatik BALLO (1.197 m) eta MIRUTEGI (1.166 m) gailurretara sartuko gara; eta Atauko atakatik igaroz SURBEko gailurrera igoko ondoren. Durrumarako (San Roman herrirako) jaitsiera Akarrateko ataka ez hain ezagunetik egingo dugu.
Entziako basoez eta goiko paisaiez gozatuz, presarik gabe ibiltzeko ibilaldi egokia.
Irteera ordua goizeko 7:30etan izango da (igande goizean), Zumarragako Elizkale kalean, Correos ondoan eta parrokia aurrean kokatzen den autobus geltokitik abiatuta.
Izena emateko Ostadar Mendi Taldeak antolatutako ekintzen egoitzan izan daiteke aste honetan zehar, edo 943723385 telefonoan (erantzungailuan mezua utziz) edo ostadar@ostadar.org email helbidean mezu bat utziz.
Informazio gehiago (ibilbidea, mapa eta argazkiak) gure webgunean eskuragai:
http://www.ostadar.org
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Egin HITZAkide