Kontsumitzaileek Bertatik Bertara egitasmoaren inguruan hausnartuko dute
Bertatik Bertara egitasmoaren datozen urteetarako ekintza plana egiteko hausnarketa prozesua martxan jarri dute. Hurrengo bilera asteazkenean egingo dute eta bertan kontsumitzaileek parte hartuko dute.
Bertatik Bertara proiektua Ezkio-Itsaso, Gabiria, Legazpi, Ormaiztegi, Urretxu eta Zumarragako udalek jarri zuten abian, bertako produktuen ekoizpena eta kontsumoa bultzatzeko. Uggasa garapen agentzia, Goimen eta Aldundia ere egitasmoaren atzean daude. Gainera, Euskal Herriko Laborantza Ganbararen eta Innobasqueren laguntza dute.
Hausnarketa prozesuko lehen bilera apirilaren 30ean egin zuten eta bertan ekoizleek parte hartu zuten. Hamabi baserritar elkartu ziren eta egungo egoeraz eta etorkizunaz hitz egin zuten.
Etzi, berriz, kontsumitzaileak elkartuko dira. Bilera Urretxuko kultur etxean egingo dute, 14:30ean. Azken bilera maiatzaren 21ean egingo dute, 13:00etan, Zumarragako kultur etxean. Politikariek eta teknikariek parte hartuko dute.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Egin HITZAkide