Zumarragako Eitzaga auzoko San Isidro jaietarako motorrak berotzeko ardo dastaketa egin zuten atzo auzoko Irrika elkartean. Dastaketa datozen festen aurrerapena izan da, jaiak bihar hasiko baitira, San Isidro egunean. Ez dira gutxi bihartik igandera arte luzatuko diren jaietako nobedadeak. Andoni Zarandona jai batzordeko kideak batzordera bildu diren hiru gazteen ukitua nabarmendu du, baita Irrika elkartearen inplikazio handia ere.
Iazko jaien atarian bestelakoa zen Zarandonaren diskurtsoa. Jai batzordea berritu eta zabaldu nahian ari ziren arren, ez zegoen belaunaldi berriak erakartzeko modurik. Aurten, urtarrila partean Eitzagako kaleetan itsatsitako orrietan batzordean parte hartzeko deia egin zuten. Deialdiak erantzuna izan zuen eta hiru gazte agertu ziren bileratara. Bilerak Irrika elkartean egin dituzte eta behar beste laguntza jaso dute antolatzaileek elkarteko kideen aldetik. Zarandona pozik agertu da aurten aldaketak egon direlako eta «onerako» izan diren aldaketa horiek Eitzako jaien egitarauan islatu direlako.
Biharko eguneko ekitaldietatik hasita agerikoak dira berritasunak egitarauan. Bihar, San Isidro eguna izaki, haurrentzako jolasak egingo dituzte, baina baserritar munduarekin loturak azpimarratuko dituen ginkana egingo dute lehenengo aldiz. «Haurrak herri kiroletan jolasten jarriko ditugu, auzoak baserritar munduarekin duen loturarekin jabetu daitezen», dio Zarandonak. Ez dute orain artean horrelako ginkanarik egin; aurreko urteetan Gorriti ekarri dute, «baina aurten San Isidro osteguna da eta beste ukitu bat» eman nahi izan diote, jakin badakitelako «umeek jarduera ugari dituztela astegunetan; dena dela ondo aterako denaren itxaropena» dutela azaldu du Zarandonak.
Herri kirol desafioa
Etziko egitarauan ez dute aldaketa handirik egin. Duela 15 urte antolatutako ekintzei eutsi diete, eta afari herrikoia zein trikipoteoa egingo dituzte. Ondoren, Goierriko musika taldeen kontzertuak izango dira.
Larunbatean 32. Herri krosa egingo dute eta toka txapelketaren 34. edizioa ere izango da. Herri kirol desafioak sortuko du, halere, ikusmin gehien. Aurten Jabier Aranbarri eta Joxe Ugarteburu aizkolariek bertikalean moztuko dute enborra eta bi idiren nahiz Urretxu-Zumarragako gizon probaren kontra neurtuko dira. Beste berritasun bat UZ Bertso Eskolako kideen eta rap zaleen eskutik etorriko da. Salda Badago eta Guri 5 taldeen emanaldia etengo dute bertsolariek eta rap abeslariek bertso-hop saioa egiteko.
Igandean dantzari txikiak Patxi eta Konpainiarekin batera ariko dira dantzan. Dantzari Txiki egunaren baitan Irrintzi dantza taldearen elkarlanari esker ariko dira elkarrekin dantzan.