Euskal presoen aurkako sakabanaketa politikak 25 urte beti ditu gaur eta Urretxuko udal gobernuak bandoa kaleratu du sakabanaketa salatzeko. Horra hor bandoa:
2014ko maiatzaren 15ean, euskal presoen aurkako sakabanaketa politikak 25 urte betetzen ditu. Kontaezina izan da, azken 25 urte hauetan, erabaki politiko anker horrek, preso, senitarteko, lagun eta gizarte osoari eragin dion sufrimendua. Sufrimendu gehigarria. Lege ororen gainetik, preso dagoen pertsonaren suntsiketa fisiko eta psikologikoa izan du helburu sakabanaketa politikak. Baita astero milaka kilometro egitera behartzen dituen senide eta lagunenganako zigor gehigarria ere.
Zerrenda beltza utzi digu azken urteetan sakabanaketak. Estatu espainiar eta frantziarrak garatutako kartzela politikak, 23 preso eta 16 senide eta lagunen heriotza ekarri du. Errepidean zaurituak, aldiz, hamarnak izan dira, ehunka istriputan.
Euskal Herrian bake eta demokraziarako benetako aukera bat irekita dugun arren, Madril eta Parisetik, oraindik ere, hainbeste sufrimendu ekarri digun sakabanaketa politika, areagotzen ari dira.
Giza eskubideen adierazpenaren edukiak aintzat harturik, euskal presoei aplikatzen zaizkien salbuezpenezko espetxe-neurriak indarrik gabe utzi behar direla uste dugu. Zehazki, sakabanaketa-politikari amaiera emate, gaixotasun larriak dituzten eta adinduak diren presoak libre gelditzea eta zigorraren hiru laurdenak beteta dituztenak aske geratzea.
Aitzitik, giza eskubideen eta bakearen aldeko akordio sozial zabala egiteko prestutasuna adierazten dugu, betiere modu eraikitzailean egiazko konponbideak bilatu nahian.
Hori horrela, datozen egunetan euskal presoen sakabanaketa politikarekin amaitzeko eskatuz antolatzen diren mobilizazio eta ekimenetan parte hartzeko deia egiten diegu herritarrei.