Udalek parkeetan euskararen erabilera sustatuko dute
Urretxu eta Zumarragako Euskara zerbitzuek Parketarrak izeneko egitasmoa jarri behar dute martxan bi herrietako beste horrenbeste parketan. Ekimen honen helburua kaleetan eta parkeetan euskararen erabilera handitzea da.
Horretarako hainbat jolas eta saio antolatu dituzte, haurrentzat eta gurasoentzat. Ekainaren 4an euskaltegiko parkean egingo dituzte (eguraldi txarrarekin, Madaiako arkupeetan) eta ekainaren 12an Zelai Arizti parkean (eguraldi txarrarekin, udaletxeko arkupeetan).
Jolasak Urtxintxa eskolako hezitzaileek dinamizatuko dituzte. Parte hartu nahi duenak, bertara azaldu besterik ez du.
Egun bakoitzean bi jolas saio izango dira, haurren adinaren arabera banatuta. 17:00etatik 18:00etara, 3-5 urteko haurrak dituzten familiak zabu zibura jolastuko dute. Parte hartu nahi duten haurrek helduren batekin joan beharko dute. 18:00etatik 19:00etara, berriz, 6-9 urteko haurrek txirrintxonera jolastuko dute.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Egin HITZAkide