Elkarretaratzea dago gaur atzoko lan istripua salatzeko
Horga batek harrapatuta 30 urte inguruko langile bat hil zen atzo arratsaldean Arcelor Mittalek Zumarragan duen lantegian. Antza, eta Seguratasun Sailetik jakinarazi dutenez, 18:30ak inguruan gertatu zen istripua, eta bertan hil zen Logistika esparruan lanean ari zen gizonezkoa.
Atzo arratsaldean jakinarazi zutenez –egunkari honen edizioaren amaieran– 24 orduko lanuztea deitu dute gaurko, eta elkarretaratzea egingo dute Zumarragako lantegiaren kanpoaldean, 12:00etatik 14:00etara bitartean. Lanuztearekin eta elkarretaratzearekin segurtasun gehiago eskatuko dute.
Istripu kopuruak gora egin du
Izan ere, Aitor Maestro UGTk ArcelorMittalen duen ordezkariak azaldu duenez, «gero eta istripu gehiago ari dira gertatzen». Horren harira, orain lau egun lantegi kanpoan egin zuten elkarretaratzea ekarri du gogora: «Segurtasun gehiago istripu gutxiago lelopean elkartu ginen orduan ere», zehaztu du.
Maestrok azken hilabete erdian siderurgia lantegian jazotako beste bi istripu larri ere gogoratu ditu: «Garabi baten kolpeak garezurra apurtu zion langile bati eta ez da denbora asko beste langile batek barrabil bat galdu zuela mahuka batek jo eta gero», zehaztu du.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Egin HITZAkide