Gipuzkoako Giza-proben Txapelketako kanporaketa jokatuko da bihar, igandea, Urretxun. Urola taldeak (Urretxu eta Zumarraga), Berrobikoak eta Debakoak parte hartuko dute. Lehia 12:00etan hasiko da, Urretxuko probalekuan. Talde bakoitzak 20 minutuko saioa osatu beharko du, eta bi onenak finala jokatzeko sailkatuko dira. Abuztuaren 3an izango da, Aian.
Mikel Elgarresta Urola taldeko kidea baikor ageri da: «Joan zen astean Eibarren Debakoen aurka aritu ginen eta, ordezkoekin joan ginen arren, ozta-ozta irabazi ziguten: eurak 47 plaza eta bospasei metro egin zituzten eta guk 47 plaza. Oso gustura gelditu ginen. Gainera, entrenamenduetan oso ondo aritu gara. Ea hori guztia igandeko kanporaketan islatzen den».
Zumarragarrak eta urretxuarrak elkarrekin ariko dira. Izan ere, ez da batere erraza giza proba taldea osatzea. «12 laguneko taldeekin eta 1.900 kiloko harriarekin hasi ginen eta egun taldeak zortzi lagunekoak dira eta harriak 900 eta 1.000 kilo artean pisatzen du. Hala errazagoa da taldea osatzea; baina, hala ere, arazoak ditugu. Ez da batere erraza guztioi ondo datorkigun entrenamendu eguna eta ordua topatzea. Iaz Zumarragak ezin izan zuen taldea osatu eta aurten elkarrekin aritzea erabaki dugu».
Bi herri hauek izan ziren, hain zuzen ere, giza proba berpiztu zutenak: 2007an desafio bat jokatu zuten eta ondoren beste herri batzuetan ere taldeak sortu zituzten eta Gipuzkoako txapelketa antolatzeari ekin zioten.
Elgarrestak zazpi urte hauetan gauzak asko aldatu direla dio. «Teknikan eboluzioa egon da. Ibiltzearen poderioz asko ikasi dugu. Urretxun zortzi laguneko taldeekin egin zen lehen proban irabazleak 35 plaza egin zituen eta egungo errekorra 49 plazakoa da. Bai teknikoki eta bai fisikoki hobekuntza nabarmena izan dela ikusten da».
Urte hauetan katearen altuera, eskaileraren angelua, pisuen banaketa, bira egiteko modua… hobetu egin dituzte goierri garaiko probalariek. Gainera, Santi Perez prestatzailearen lana dute. «Giza proba ez da jendeak uste bezain gogorra. Bizkarrarentzat txarra dela uste dute, baina nik sekula ez dut arazorik izan. Harria lurretik doa eta zangoek sufritzen dute gehien».