Juan Mari Mujika Musti Realeko eta Urolako futbol jokalari zumarragarraren omenezkoa egin dute asteburuan Zumarragako Argixao zelaian. Aurtengoa hamargarren edizio izan da. Jokalariak auto istripu bat izan zuen eta luze jo zuen gaixotasunaren ondoren zendu zen, orain hamar urte. Ordutik omenaldia egiten diote. Omenezkoan urtero bere bi taldeetako –Reala eta Urola– beteranoak neurtzen dira. Joan den asteburuko partida Realak irabazi zuen (3-2), emaitzak garrantzi handirik ez badu ere.
Beteranoen neurketaren aurretik arrazakeriaren kontrako partida jokatu zuten Urolak eta Senegalek. Urolako taldea jubenil eta senior mailetako jokalariek osatu zuten. Senegaleko taldea Urretxun eta Zumarragan bizi diren hainbat lagunek osatu zuten, baita inguruko herrietan bizi diren zenbaitek ere. Jokalarien arteko giro ona nagusitu zen partida osoan eta Urolak irabazi zuen (9-1), kasu honetan ere markagailua gutxienekoa bada ere .
Behin bi partidak amaituta kopak banatu zituzten hiru taldeen artean: Senegal, Urola eta Reala. Jarraian, Juan Mari Mujika Mustiren amari lore sorta eman zioten. Gonbidatuen artean Gurutz Linazasoro eta Javier Zabaleta, Aitor Zabaletaren aita egon ziren, besteak beste.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Egin HITZAkide