Egutegiak Santa Isabel luzeak dakartza aurtengoan. Bihartik datorren asteazkenera arte Zumarraga jaietan murgilduko da. Are luzeagoak izango dira aurtengo festak uztailaren 6an jubilatuek beren eguna ospatuko dutelako. Horrenbestez, jaietako egitarauak dakarren aldaketa nabarmenena ekintzak egun gehiagotan egokitu dituztela da.
Bestelakoan, bi danborradetako –heldu nahiz haur– parte hartzearen beherakada, Zumarragako Musika Bandaren kontzertu berezia, gazteentzat pentsatutako argazki lehiaketa eta Santa Isabel eguneko erromeria interpretazio zentroa zabalik egonda ospatuko dela lehenengoz dira jaietako ekintza zein gertakizun aipagarrienak. Pregoia, Agiñaga auzoko bizilagunek egingo dute auzo osoa Zumarragako bihurtu zela 25 urte bete diren honetan. Helduen danborrada bihar aterako da, 23:00etan. Aurten 150 bat lagunen danborren hotsak entzungo dira. Haurren danborradan, igandean, 200 ume inguruk joko dute danborra eta 390en batek parte hartuko dute desfilean.
Banda «batzen»
Josean Mendizabal danborradaren antolaketa taldeko kideak dioenez, aurten eskoletara joan dira haurrei parte hartu dezatela eskatzera. «Garaiak aldatu dira, gero eta zailagoa egiten baita jendearen parte hartzea lortzea». Helduen danborradan faltan sumatu dituzte, esate baterako, Gure Txoko jubilatu etxeko bazkideak; aurten ez dute parte hartuko.
Zumarragako Musika Bandaren kontzertua etzi izango da Zelai Arizti frontoian; ez da hori jaietan bandak egingo duen agerraldi bakarra. Edozein kasutan, larunbatekoa berezia izango da, eta Luis Orduña zuzendariak xehetasun gehiegi ez du aurreratu nahi.
Hala ere, esan duenez, «denetariko jendea igoko da taula gainera gurekin kantatzeko, eta aurkezleekin ere sorpresa emango dugu». Aurtengo denboraldiari Batzen deitu zioten bandakoek, eta etziko kontzertuak eragileak batzeko grina horri emango dio segida.
Gazteisabelak sakelakoarekin ateratako argazki lehiaketari hasiera emango diote bihar –oinarriak zelaiarizti.com webgunean daude–. Ekintza hau Gazte Bidean lokaletik antolatu dute, Zumarragako Santa Isabel festen harira.
Kale kulturaren erakusleihoa
Hip hop kultura osatzen duten lau elementuen erakusleiho bihurtuko da bihar Zumarragako Zelai Arizti parkeko pilotalekua: grafiti idazleak, break dance dantzariak, DJak eta MCak edo zeremonia-maisuak. NinaizHipHop 20700 jaialdia ospatuko dute bihar, 15:00etatik aurrera.
Aitor Abel zumarragarrak antolatu du jaialdia bigarren urtez. Abel Throw up Urretxuko eta Zumarragako taldeko kantaria da, eta rap-a kantatzen du. Abelek hip hop-a zer den azaldu du, «rap musika biltzen duen kultur mugimendua».
Hip hop-eko zeremonia-maisuak bertsolariekin alderatu ditu Abelek: «Dj-ak diskoak jartzen dituen bitartean, rap-a baliatuz maisuak publikoarekin hartu emana lantzen du; bertsolarien modura aritzen da».
Hip hop mugimendua Amerikako Estatu Batuetan sortu zen 1970eko hamarkadan, New York hirian, hain zuzen ere. Bertako afroamerikarrek sortu zuten eta azken hamarkadetan asko garatu da, kalera lotutako mugimendu bat bezala, beti ere.
Aitor Abelek iaz ere antolatu zuen hip hop jaialdia Zumarragako jaietan. Dioenez, «poz-pozik geratu ginen emaitzarekin. Jende askok babesa eman eta parte hartu zuen». Aurten jaialdia egingo duten eremuan bertan, Zelai Arizti parkean, txosna jarriko dute eta horrek «lagunduko» dielakoan dago Abel: «Danborrada egiten dutenean jaia eten behar dugu derrigor, eta iaz etete horrek eragin zigun. Aurten buelta eman nahi diogu eta geure taldea arituko da danborradaren ondoren».
Ixabel festa
Abelek ez du hip hop-etik bizimodua ateratzen, baina «ahalik eta era profesinalean» aritzen dela dio: «Niretzat zaletasun bat baino gehiago da».
Bihar hip hop festan arituko diren Dj-ez gain, Urretxuko eta Zumarragako Dj gehiagorentzat ere tokia izango da ate-joka dauden Santa Isabel jaietan. Etzi, Ixabel DJ festa egingo dute Areizaga-Kalebarren plazan. Festan ondoko Dj-ek jarriko dute musika: Fermin Arana, Julen Izagirre, DJ Pla, Asier Hernandez eta Josu Rodriguez.
Bi herrietako beste musika talde batek ere girotuko ditu jaiak. Astelehen gauean Samba Dzanga Brasileko musika lantzen duen taldeak Euskadi plazako taula gainean joko du.
- Santa Isabel jaien egitaraua, hemen.