Goierri Garaia Mendi lasterketan 150 korrikalari inguruk parte hartuko dute
Urretxuko eta Zumarragako hiru tontor garaienak joko dituen Goierri Garaia Mendi Lasterketa datorren larunbatean egingo dute, uztailak 5. Hiru gurutzeen proba data aldatuta dator eta Juanjo Igartzabal mendi lasterketa taldeko kidearen hitzetan hori izan da aurtengo «buruhausterik» handiena. «Gu erosoago geunden urrian, baina federazioak hala eskatuta uztailean egin behar izan dugu». Igartzabalek egindako aurreikuspenen arabera 150 bat lasterkarik parte hartuko dute.
Probak Euskal Herriko Txapelketararako balioko du, eta hori da, hain zuzen, data baldintzatu duen faktorea. «Federaziotik urriko azken asteburua beranduegi zela esan ziguten eta txapelketarako baliagarri izatea nahi bagenuen aurreratzea eskatu ziguten. Data aldatu behar izan genuen halabeharrez». Edozein kasutan, datozen urteetako probei begira lasterketa urrira itzultzeko asmo irmoa agertu du Igartzabalek.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Egin HITZAkide