Urrian abiarazi zuten memoria historikoaren ikerketaren emaitza aurkeztu dute Zumarragan. Emaitza hori Gerra Zibila eta Frankismoa Zumarragan liburuan zehaztu da. Liburua Zumarragako Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskutik bultzatutako bekak emandako uzta da. Egileak Maialen Aranguren, Ana Peña eta Antonio Prada historialari zumarragarrak dira. Haien ahotik liburuak biltzen dituen hainbat iturriren, ahotsen, pasadizoren eta gertakariren berri izan zuten aurreko ostiral iluntzean Antio interpretazio zentroko hitzaldi gela bete zuten zumarragarrek.
Liburua, zortziehun orritik pasatxotan, euskaraz eta gaztelaniaz eman dute. Argazki zahar bat edo beste gehitu duten arren, letrak dira liburuaren muina; 36ko gerra aurrean abiatu eta Francoren diktadura osora arte zabaltzen da.
Hasiera biztanlerian ezarri dute egileek. Izan ere, ikerketa martxan jarri zutenean adierazi zuten egileek ikerketa zabala izango zela eta testuinguruari arreta berezia emango ziotela. Finean, XIX. mende amaieratik 1975. urtera arteko populazio datuen bitartez Zumarragaren eraldaketaren berri eman dute. Antonio Prada Zumarragako artxibozainaren eta historialariaren hitzetan, «Zumarraga ez zegoen prest hartu zuen biztanle uholderako. Etxeak eta kale osoak ere eraiki zituzten frankismo garaian».
Eskuindarrak babesean
Hala ere, frankismoak eragingo zituen aldaketei heldu aurretik, liburuak Errepublika garaiari erreparatzen dio; bizitza politikoa nolakoa zen, udal ogasunaren antolaketa eta eguneroko bizitza ere aztertu dute.
Maialen Arangurenek atal horren baitako azalpenak eman zituen liburu aurkezpenean. Zumarragan bi bloke politiko nagusi zeuden Errepublika aroan: gehiengo abertzalea eta gutxiengo errepublikarra. 36ko altxamendua gertatu zenean, udaleko egitura desegin eta herri defentsa batzordea osatu zen, batzordea ezkerreko kideek osatua zegoen. Pradak gehitu zuenez, «Galiziatik eta Asturiasetik komunistak eta anarkistak iritsi ziren. Beren irizpideak defentsa batzordeari inposatu nahi izan zizkieten, baina ez ziren gailendu».
Garai hartan Zumarragako eskuindarrek batzordeari babesa eskatu zioten. Pradaren hitzetan, «beste toki batzuetan gertatzen ari zena ikusita beldurtu egin ziren eta babesteko eskatu zieten. 36 lagun La Sallen egon ziren zaintzapean».
Beste herri batzuekin alderatuta altxamendu
ondoko errepresioa ez zen hain gogorra izan»
Antonio Prada (Historialaria eta liburuaren idazlea)
«Errazionamendua errepresio eta kontrol bide bat
izan zen, helburua bizirautea zen»
Ana Peña (Historialaria eta liburuaren idazlea)
Rafael Tejero kapitainak hartu zuen Zumarraga 1936ko irailaren 19an, nazionalen izenean. Gabiria eta Ormaiztegi bere eginda zituen, eta Ezkion antolatutako kanpamendutik gora ekin zioten Zumarragako konkistari. Errepublikarrek Belokin egin zuten lubakia. Borrokaldia han bertan izan zen. Tejeroren operazio egutegia lortu eta iturri bezala erabili dute liburuaren egileek.
Altxatutako armadak «olio orban bat bezala jaitsi ziren mendian behera» Zumarraga hartzeko, Pradak esan zuenez. Herriaren defentsa antolatu zuten arren, Eitzagako barrikadak eta bidea eztanda araztea ez ziren nahikoa izan altxatuak geratzeko. Faxistek Zumarraga «erraz» hartu zuten.
Mendekua
Pradak esan zuenez, «beste herri batzuekin alderatuta, altxamenduaren ondoko errepresioa ez zen hain gogorra izan». Mendekurik egon zen hala ere, eta «latza» izan zen: «Defentsa batzordearen aginduz La Sallen babesean zituzten eskuindarrak zaindu zituzten hogei lagunetatik bederatzi Urretxun eta Zumarragan bizi ziren oraindik. Bederatzi haiek akabatu egin zituzten».
Frankismoak Zumarraga eraldatu zuen. Katolizismo zorrotzena arau bilakatu zuten eta Espainiako nazionalismoa inposatu zuten. Bien bitartean, euskal kultura baztertzeko estrategian debekuak gailendu ziren; Pradak akulturazioaz hitz egin zuen aurkezpenean.
Erregimenak kaleak eta hiribideak, osasun zentroak zein urtegiak eraiki zituen. Ana Peñak adierazi zuen Francok industriari bultzada eman ziola, «bertako fabrika askok lagundu egin zioten». Nekazaritza ingudearen hotsaren erritmora urritu zen Zumarragan. Gosea zabaldu zen, «errazionamendua errepresio eta kontrol bide bat izan zen, eta jendeak bizirautea baino ez zuen helburu», gehitu zuen Peñak.
Liburuak izen bat baino gehiago dakar. Erregimena Zumarragan babestu zutenen izenak daude, irakurri nahi dituenarentzat. Eta, badaude, baita ere, espetxeratuen izenak, eraildakoen izenak, lan esparruetara bidalitakoen izenak, erbesteratuen izenak, gerra umeen izenak… Izen gehiago egon litezkeenaren jakitun direla esan zuten ikerlariek. Dena dela, aurkezpena hastearekin batera, Pradak esan zuen ikerketa «harik eta zientifikoena» egiten saiatu direla, «eta pasioa ahal beste alboratzen, haietako askoren senideak bizirik daudelako».