Kultur etxetik txistu hotsa dator, plazetan agertokiak jarri dituzte… hemen dira santanastasiak. Urretxuarrak bihar arratsaldean murgilduko dira festetan. Aurten, Goierri kirol elkarteko areto futbol taldekoek irakurriko dute pregoia. Izan ere, areto futbol sailak 25 urte bete ditu.
Arratsaldean haurrak izango dira protagonistak. Izan ere, eurentzako ikuskizuna, txokolate jana eta buruhandien eta erraldoien ibilaldia antolatu ditu Festa batzordeak.
Gauean, berriz, gazteen txanda helduko da: Olinpiar Joko Umoretsuak eta hip-hop jaialdia egongo dira eta txosnetan Bad Sound System eta Jupiter Lion taldeek joko dute.
Santanastasiak denek denentzat antolatutako jaiak dira eta baserritarrek ere euren tartea edukiko dute. Larunbat goizean abelgorrien erakusketa eta lehiaketa egingo dute Abenidan. 18:00etan eta 21:30ean, berriz, idi proba saioak egongo dira.
Larunbatean, beti bezala, gastronomia lehiaketa, folklore jaialdia eta txistulari alardea egongo dira. Aurtengo alardean iazko urrian hil zen Ramon Esnaola oroituko dute: bere hiru pieza joko dituzte eta familiari oroigarri bat oparituko diote. Gastronomia lehiaketari dagokionez, bakailao-bolak prestatuko dituzte. Bestalde, txosnetan kontzertu bikaina egongo da. Kashbad, Kolpatu! eta Zopilotes Txirriaosek joko dute.
Igandean Euskal Jaia ospatuko dute. Goizeko jaia behi-azienden ingurukoa izango da. Belar motak eta haragitarako eta esnetarako behiak erakutsiko dituzte eta haragi gisatua eta behi esnearekin egindako gazta jateko aukera egongo da. Helburua behi-aziendetan nola lan egiten zuten eta duten erakustea da. Arratsaldean jaietako ekitaldi kuttuna helduko da: karroza desfilea. Aurten 14 karroza irtengo dira.
Festak astelehenean bukatuko dira, kuadrillen egunarekin. Goizean, haurrentzako parkea eta moto eta patinete lasterketa egongo dira eta gazteek zezentxoekin jolasteko aukera edukiko dute. Herri bazkariaren ondoren, kuadrillen arteko jokoak egongo dira. Jaiak, beti bezala, kantu afariarekin bukatuko dira.
Udalaren oharrak
Udalak festen inguruko hainbat ohar kaleratu ditu. Alde batetik, emakumeen kontrako indarkeriaren aurkako kanpaina abian jarri duela gogoratu du. Festa-guneetan eman daitezkeen erasoei aurre egiteko aholku ezberdinak jasotzen dituen liburuxka batzuk kaleratu ditu eta hauek tabernetan eta txosnetan egongo dira. Bestalde, tabernariei eta txosna batzordeko kideei egoera hauen aurrean nola jokatu azaldu diete bilera batean. Gainera, larunbaten autodefentsa tailerra emango dute udaletxean. Izena emateko, bertara deitu behar da.
Udalak ligoteo sanoa bultzatu nahi du eta baita lepoan zapiak eta balkoietan ikurrinak jartzea ere. Zapiak eta ikurrinak herriko tabernetan jarri dituzte salgai, hiru euroan.
Santanastasiak, herrikoentzat ez ezik, kanpotarrentzat ere badira. Ostiral eta larunbat gauean, ordu erdiro, legazpiarrek autobusak edukiko dituzte Urretxura etortzeko eta etxera itzultzeko. Saturnino Telleriako biribilgunetik irtengo dira. Larunbatean, Beasainera eta Ordiziara bueltatzeko autobusak ere egongo dira: 02:55ean eta 05:25ean irtengo dira Zumarragako geltokitik.
Mundialak ez, olinpikoak!
Urretxuarrek diote Santa Anastasia jaiak mundialak direla, baina duela bi urtetik hona adjektibo hori txiki gelditu zaie. Izan ere, Olinpiar Joko Umoretsuak antolatzeari ekin ziotenetik, herriko festak olinpikoak direla esan dezakete. Ekitaldi hau azken urteotako berrikuntza nagusia da eta harrera itzela izan du.
Festa batzordeak ostiral gaua piztuko zuen ekintza parte hartzaile bat nahi zuen, eta bete-betean asmatu zuen. Aurten ere, Gernikako Arbola plazako harmailak bete egingo dira.
Lau urtean behin antolatzen diren Olinpiar Joko zozoetan bezala, parte hartzaileek desfilea egingo dute. Ipeñarrieta kaletik Gernikako Arbola plazara joango dira, Urolatarrak txarangaren laguntzarekin. 21:30ean irtengo dira, eta 22:00etan hasiko dira kirol probak.
Aurtengo edizioan ere, parte hartzaileek bestelako abileziak erakusteko aukera izango dute, nahi izanez gero: dantzatu, abestu, txisteak kontatu… «Egitasmoak aurreko urteetako ildoa jarraituko du, baina izango da sorpresarik. Talde bakoitzak kirola ez den bestelako ikuskizun bat egiteko aukera izango du eta sari berezi bat izango da ikuskizun horretan ondoen aritzen den taldearentzat. Horrez gain, kirol proba bereziak ere sartuko ditugu, ikuskizun atseginagoa lortze aldera», aurreratu dute antolatzaileek.
Olinpiar Jokoetan nagusitzen den taldeak Santa Barbara aterpetxean bazkari edo afari bat irabaziko du.
Hip-hop festa
Gainera, aurreko urteetan bezala, Jon Tirapuk ekitaldia girotuko du bere musikarekin. Ondoren, gauerdian, hip-hop jaialdia egongo da. Urretxu eta Zumarragako Throw Rap, Agresión Verbal eta Artilleria Pesada taldeak, Irungo Kulto Kultibok eta Madrilgo eta Sevillako El Club de los Tristesek parte hartuko dute.
Olinpiar Joko Umoretsuetan 14 urtetik gorako edozeinek parte har dezake, baina saioaren amaieran 14 urtetik beherakoek ere euren abilezia erakusteko aukera izango dute, hala nahi izanez gero. Onenak kamiseta bat irabaziko du.
- Santa Anastasien egitarau osoa ikusteko, sartu hemen.