Astean behin biltzen dira Urola Garaiko Jabekuntza Eskolak Zumarragan duen egoitzan. Eskolak bere ibilbidean emandako uzta da, emakume immigrante askoren gerizpea. Sua taldea dira. Dozena bat inguru emakumek osatzen duten taldeari Sua izena jarri zioten bertan konplexuak, beldurrak, larritasunak eta gomuta txarrak erre nahi zituztelako. Eta, orduz geroztik horretan ari dira, elkar entzuten eta elkarrekin hitz egiten. Emakume bidaiariak dira, immigranteak, bestela esanda.
Ostegun bat. Bilera bat. Taldeko dinamizatzaileak jolas bat proposatu die taldekideei. Hainbat galdera luzatuko dizkie, eta galdera bakoitzak gordetzen duen baldintza betetzen duten emakumeek pauso bat emango dute aurrera, eta parez pareko aulki errenkadan jarri. Jolasaren izena Muga da.
Nork dauka bikotekidea? Gutxienek dute. Gehienak bakarrik daude. Urteak dira batzuk iritsi zirela eta batek, adibidez, bilobak ekarri ditu jada. Amona gisa etorri zen bera, Bolivian utzitako alabari lagundu asmoz. Orain gutxi ekarri ditu bilobak, berekin bizi dira eta berarena da haien mantenuaren erantzukizuna. Mantenu hori Bolivian baino askoz ere garestiago ateratzen zaio orain, hemen, eta zalantza egiten du itzultzeko gogoa al duen galdetuta. Alabak, jada, Euskal Herrian egin du bizimodua.
Nork dauzka 40 urtetik gora? Gehienak gazteagoak dira. Taldeko gazteenek 23 urte dituzte. Iritsi berri diren emakume guztiak Erdialdeko Amerikatik datoz. Hondurasetik atera dira, eta, pobreziaz gain, handik irteteko arrazoi nagusiena segurtasun falta dela diote. Gaur-gaurkoz Hondurasekoa da Latinoamerikako biolentzia tasarik handiena, mara-k direla eta, batez ere.
Nork dauka erresidentzia txartela? Txartela gutxik dute, baina izapideak martxan ditu batek baino gehiagok. Asteazkenetan abokatu batekin biltzeko aukera dute zalantzak argitzeko eta dituzten eskubideei buruzko abokatuaren aholkuak entzuteko.
Nor erditu da? Hamabi emakumetik hiru ez dira erditu. 23 urteko emakume biek alaba bana utzi dute. Ia guztien umeak ozeanoz beste aldean daude; gehienak amonek zainduta, bakar baten kasuan sei seme-alaben aitak zaintzen ditu umeak. Emakume batzuek egunero hitz egiten dute beren seme-alabekin, beste batzuek hamabostean behin. Batek semea ekarri berri du, eta beste baten semeetako bat ikastera etorri da beka bati esker.
Nork dauzka estutasun ekonomikoak? Denak, kasik, jarri dira pareko aulkietan. Emakume hauek guztiek ogibide bera dute, zaharrak zaintzen dituzte. Gehienak zaintzen dituzten pertsonen etxeetan bizi dira, hamabost egunean behin libratzen dute, igandez, eta eguneko lanaldian bi orduko etena dute. Nor bere etxean bizi nahiko lukeela iradoki dute, baina zaintzaren esparruan eguneko lana aurkitzea gero eta zailagoa dela diote, bakarrik barneko langileak nahi dituzte.
Batzuek beren trasteak uzteko logela bat alokatuta dute, bat bere kasa bizi da ekarri berri duen semearekin, ikasketaz kazetaria den langabea senide baten etxean bizi da. Gehienek irabazten duten diruaren zati bat etxera bidaltzen dute, beste zati bat bidaia ordaintzeko hartutako zorra kitatzeko erabiltzen dute; zor hori mafiekin dutela diote, eta interesak itzelak omen dira.
Nork jasan du sexu-jazarpena? Batek baino gehiagok. Eta, hala eta guztiz ere, dinamizatzaileak aitortzen dutenak baino gehiago direla uste du. Sexu-jazarpena begirada baten barruan egon daitekeela esaten die, edo autobuseko itxuraz ezusteko ukitu batean, edo etxe barruan senide batek eragindakoa izan daitekeela.
Dinamizatzaileak gogoratzen die asko direla Latinoamerikan familia barruan, «hain segurua omen den kabi horretan», jazo diren emakumeen kontrako sexu-jazarpenak.
Emakume hauen ofizioa zaintzen duten pertsonaren osasuna bezain hauskorra da. Orain gutxi Nikaraguara itzuli zen laguna gogoratu dute, zaintzen zuen pertsona zendu eta gero itzuli zen. Ezinduta geratu diren zahar askoren zaintzaileak dira, gurpil-ahulki gehientsuen gidariak dira, sakelakoa eskuetan izaten dute zaharrekin batera bidegorrietako bankuetan jarrita ematen dituzten orduetan. Batzuek geratzeko asmoa agertu dute, oporretan itzultzen dira baina ez dute jada herriminik. Beste batzuen itzultzeko gogoa ageri-agerikoa da.
Bilera amaitu aurretik langabezian dagoen kideari laguntzeko 50 zentimoko bana jarri dute, eta astero bezala objektu baten zozketa egin dute.