Urretxuko Udalak Fiare banku etikoarekin hitzarmena sinatu du. Udala bazkide egin da, 1.800 euroko kapitala jarri du, eta kontu korrontea ireki du. Hitzarmena Oihane Zabaleta alkateak eta Periko Etxeburua Fiare Gipuzkoako arduradunak sinatu zuten. Ekitaldian Fiarek Goierri garaian duen taldeko kideek ere parte hartu zuten.
Dagoeneko Gipuzkoako hamabi udalekin sinatu ditu hitzarmenak, tartean Ordiziakoarekin. Etxeburuak «pozik» daudela esan zuen: «Akordio hau eta bere eskutik etorriko den finantza harremana oso garrantzitsuak dira guretzat. Gainera, urrian Banca Popolare Etika de Padovan integratuko gara eta zerbitzu berriak eskainiko ditugu».
Banku etikoa gizarte zuzen, iraunkor eta solidario bat sustatzeko sortu zela esan zuen. «Ekonomia solidarioa bultzatu nahi duten pertsonek eta erakundeek sortu zuten. Gure helburua ondasunak aurrezten dituztenengandik dirua behar dutenengana transferitzea da. Horrela, inbertsio berriak egin ahal izango dira».
Herritarrentzat erreferente ere bilakatu nahi dute, «errekurtsoak modu profesional, garden eta jasangarrian kudeatuz. Diruaren balio soziala berreskuratu nahi dugu, jarduera ekonomikoa mundu zuzen, gizatiar eta iraunkorrago baten zerbitzura jarri. Gure interesa, interesa soziala da».
Fiaren interes soziala duten boluntarioek lan egiten dutela eta beraiengana hurbiltzen direnek behar den informazio guztia jasotzen dutela gehitu zuen. «Dirua era zuzenago batean erabiltzen dugu, behar diren berme guztiekin». Hala, Eusko Legebiltzarraren, Gipuzkoako Batzar Nagusien, udal askoren eta Gipuzkoako 50 elkarte baino gehiagoren babesa du. Dagoeneko 520 bazkide eta 300 bezero baino gehiago dituzte Gipuzkoan. 700 gipuzkoar baino gehiagok bat egin dute jada egitasmo honekin.
Akordio hau eta bere eskutik etorriko den
finantza harremana oso garrantzitsuak dira»
Periko Etxeburua (Fiare Gipuzkoa)
Etxeburuak boluntarioen lana ere goraipatu zuen. «Gipuzkoan 90 bat boluntario ditugu eta euren lana azpimarratu behar da». Eskualde ia guztietan taldeak dituzte, eta sortzen azkena, Legazpi, Urretxu eta Zumarragakoa izan da. Atzo sinatu zuten hitzarmena talde hau indartzeko oso garrantzitsua dela esan zuen Etxaburuak eta Miguel Calvillo ordiziarraren lana eskertu zuen. Izan ere, bera da talde honen sorrera bultzatu duena.
Goierri garaiko boluntarioen lana ere goraipatu zuen eta udalari eskerrak eman zizkion, hitzarmena sinatzeagatik eta kultur etxean elkartzeko eta jendea hartzeko tokia uzten dielako.
Alkatea ere gustura azaldu zen. «Udala Fiare banku etikoaren kide izango da. Fiare herri partaidetzan oinarritutako egitasmo bat da, aurrezkiak ekonomia sozialera eta lankidetzara bideratzea helburu duena, mundu justuago bat lortzeko. Banku etikoen aldeko apustu garbi bat egin nahi dugu, badakigulako diru hori ez dela erabiliko armak egiteko, etxebizitzekin espekulatzeko edo giza eskubideak urratzen dituzten jarduerak sustatzeko».
Bai Fiarek eta bai udalak ekonomia errealaren aldeko apustua egiten dutela gehitu zuen. «Dirua gizartean inpaktu positiboa duten proiektuak sustatzeko erabiltzen da: gai sozialetan, ingurumenean, bazterketa jasaten dutenentzat, bidezko merkataritzan… Proiektu errealak dira, eta proiektu onak, denon bizi kalitatea hobetzen baitute».
Gaurko ekitaldia
Sebas Iturriotz Goierri garaiko Fiareren taldeko kideak gaur bertan Con mi dinero dokumentala emango dutela gogoratu zuen. 19:00etan izango da, Labeaga aretoan. Dokumental honetan erakunde finantzario arruntek herritarren diruarekin zer egiten duten erakustea da.
Asteazkenero, 18:00etan hasita, Urretxuko kultur etxean elkartzen direla ere jakinarazi zuen Iturriotzek. Bazkide egin nahi dutenek edo informazioa nahi dutenek, bertara jo dezakete.