Urretxuko Udalak Euskara Sustatzeko Ekintza Plana onartu du aho batez
Urretxuko Udalak Euskara Sustatzeko Ekintza Plana onartu zuen osteguneko osoko bilkuran. Alderdi guztiek 2014-2017 plan estrategikoari eta 2014ko kudeaketa planari baiezkoa eman zioten. Eusko Legebiltzarrak iazko irailaren 11n onartu zuen plan honek 16 esparru ditu: familia transmisioa, irakaskuntza, euskalduntze-alfabetatzea, administrazioa, gune geografiko euskaldunenak, arlo sozio-ekonomikoa, aisia eta kirola, liburugintza, kulturgintza, publizitatea, corpus plangintza eta euskararen kalitatea, hedabideak, informazioaren eta komunikazioaren teknologia, sentsibilizazioa eta motibazioa, barruko proiekzioa eta kanpoko proiekzioa.
41 neurri eta 60 ekintza aurrikusi dira. Gaur egun egiten diren ekintzei jarraipena emango zaie eta Euskalgintza Forotik datozen ekintza edo ideia berriak (familia transmisioarekin eta kirolarekin lotuak) abian jarriko dira.
Osoko bilkuran Gurutze Gorriarekin hitzarmen bat sinatzeari ere baiezkoa eman zitzaion. Hitzarmen horren arabera, Gurutze Gorriak udalak Labeaga 41en duen lokala erabiltzen jarraitu ahal izango du eta udalari Aparizio auzoan duen lokala utziko dio. Auzoko bizilagunek eskatu zuten lokal hori erabili ahal izatea eta eurek erabakiko dute zertarako erabili. Puntu hau ere aho batez onartu zuten.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Egin HITZAkide