Jon Plazaola aktore urretxuarra Atresmedia TV taldearen
Allí abajo telesaileko protagonista izango da, Maria Leonekin batera. Leonek aktore onenari saria irabazi zuen Donostiako Zinemaldian, 2011n. Plazaolak Sevillara joan den 40 urteko euskaldun baten rola beteko du.
Ocho apellidos vascos pelikula arrakastatsuaren «antz apur bat» izango du, baina oraingoan euskalduna izango da bere jaioterritik irtengo dena.
Plazaola Madrilera joan zen aurreko asteburuan, telesailaren arduradunak ezagutzera. «Norentzako lan egingo dudan jakiteko aukera izan nuen. Oso inpresio ona hartu nuen. Estimatuta sentitzen naiz eta lanerako gogoarekin», esan du.
Urretxuarrak gidoigile eta zine ikasketak egin zituen Madrilen eta han egindako lagunei esker suertatu zaio telesail honetan lan egiteko aukera. «Madrileko aktore lagun batzuk agenteak dituzte eta horietako batek aktore euskaldunak behar zituztela aipatu zidan. Orain arte egindako lanekin, casting zuzendariari bideo-book bat bidaltzeko esan zidan eta horixe egin nuen. Ikusi eta gero, proba bat egiteko esan zidaten.
Proban egindako lana gustatu egin zitzaien eta produkzio-etxekoek baiezkoa eman zuten. Ondoren, Antena3ek ere baiezkoa eman zuen».
Aktore batentzat oso erakargarria da
halako telesail batean parte hartzea»
«Ez dut turismoa egiteko aukera handirik
izango, baina Sevillan lan egiteak asko motibatzen nau»
Jon Plazaola (Aktorea)
Lehenengoz lan egingo du estatu espainiar osoan ikusiko den telesail batean. «Sekulako erronka da eta maila ematea espero dut. Nola? Lan eginez. Gogotik lan egin eta gauzak ondo egiten saiatuko naiz».
Plazaolak ezer gutxi daki oraindik telesailari buruz. «Ez dugu asko sakondu, baina, orain arte esan didatenaren arabera, pertsonaia polita da. Aktore batentzat oso erakargarria da halako telesail batean parte hartzea. Dena den, oraindik gauza handirik ez dakigu. Izan ere, istorioa sekretupean gordetzen saiatzen dira beti. Oraindik ez dut zuzendaria ezagutu. Berak esango dit pertsonaia nondik eraman», azaldu du urretxuarrak.
Udaberrirako, telebistan
Grabaketa azaroan hasiko dela esan diote. Sevillan lan egingo dute. «Erritmo gogorra jarriko dute, martxoa inguruan emititzen hastea espero baitute. Ez dakit zenbat kapitulu grabatuko ditugun, baina negu polita pasako dugu».
Bere pertsonaiak Sevillan mundu berri bat ezagutuko du, baina Plazaolak dagoeneko ezagutzen du Andaluzia. «Iazko maiatzean egon nintzen bertan. Oso hiri polita da. Kolore berezia duela esaten dute, baina nik ez dut turismoa egiteko aukera handirik izango. Dena den, han lan egiteak asko motibatzen nau».
Baita aktore handiekin lan egiteak ere. «Maria Leonekin eta Mariano Peñarekin (Aida telesaileko Mauricio) lan egingo dudala esan didate. Mariarena eta nirea pertsonaia nagusiak dira. Lankideengatik ahalik eta gehien ikasten saiatuko naiz».
Plazaolak lehenengoz lan egingo du telesail batean, baina bai telebistan eta bai antzerkian esperientzia handia du. Telebistan Ero eta bero, Europa euskaraz eta Kontrako eztarria saioetan parte hartu du, besteak beste. Gainera, gidoilari lanak egin ditu beste saio batzuetan. Antzerkiari dagokionez, hamaika bakarrizketa saio egin ditu Euskal Herriko gaztetxeetan eta Que nadie se mueva antzezlana idatzi eta antzeztu ere egin du.