Lan hitzarmenaren betetzea kontrolatzeko sistema ezarriko du Aldundiak GI-632 errepideko obran
Larraitz Ugarte diputatuak lan hitzarmenaren betetzea neurtzeko sistema aurkeztu du Antzuolan. Sistema hau GI-632 errepideko lanetako bi zatietan jarri da abian: Aldundiari dagokion Bergara-Antzuola zatian eta Bidegiri dagokion Antzuola-Urretxu zatian.
Alde batetik, obra egiten ari diren enpresei (azpikontratatuak barne) langileen inguruko informazio guztia eskatu zaie, indarrean dauden lan hitzarmenen betetzea aztertzeko. Bestalde, obran ari diren langileentzat fitxatzeko makinak jarri dituzte. Langileek identifikazio txartelak izango dituzte eta obrara sartzean eta obratik irtetean kontrol makina horietatik pasa beharko dituzte.
Programa informatiko baten laguntzarekin, informazio hori guztia enpresek emandako datuekin eta lan hitzarmenekin alderatuko dute. Programak ez betetzeez eta desbideratzeez abisatuko du.
Sistema informatikoaren bidez ezarriko duen kontrolaz gain, Aldundiak zaindarien laguntza edukiko du. Hauek, obran dauden pertsona guztiek bertan egoteko baldintza guztiak betetzen dituztela ziurtatu beharko dute. Zeregin horietan hamar pertsona arituko dira: bost aipatutako obra bakoitzean. Bidegik eta Aldundiak 50.000 euro inguruko inbertsioa egingo dute, sistema ezartzeko eta datuen tratamendua egiteko.
Sistema gaur aurkeztu du Ugartek, obran bertan. Ekitaldian LABeko Alberto Cristobalek eta CCOOko Iñaki Gonzalezek ere parte hartu dute. UGTko ordezkaria ere azaltzekoa zen, baina arazo bat medio ezin izan zuen. Ugartek Aldundia langileen lan balditzen defentsan «guztiz inplikatuta» dagoela eta horretarako hainbat neurri hartu dituela esan du. Besteak beste, berak sustatzen dituen obretan lan hitzarmenak nahitaez bete daitezen onartutako foru araua.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Egin HITZAkide