Zumarraga eta Urretxuko euskarazko irakurle taldeak 2014-2015 ikasturteko lehenengo saioa egingo du bihar, asteazkena, Urretxuko liburutegian. Saioa 19:00ean hasiko da. Oraingo honetan, Pako Aristi Urrestillako idazlearen Independentziaren paperak liburua izango dute hizketagai eta idazlea bertan egongo da. Saioa irekia da nahi duen jende guztiarentzat. Hori bai, liburua irakurrita joatea lagungarria da.
Independentziaren paperak ez da ohiko liburua: euskaldunon artean independentziaren espirituak egin duen ibilbide luzea jasotzen du eta saiakeraren baliabide guztiak erabiliz (kronika historikoak, hedabideak, filmeak, elkarrizketak edota gogoeta filosofikoak) gure egoeraren diagnostiko zorrotza egiten du. Gainera, proposamen sorta uzten du irakurlearen esku.
Irakurle taldeak zortzi saio egingo ditu ikasturte honetan. Tarteka, idazlea ekarriko dute. Datorren urte hasieran, adibidez, Kirmen Uribe etorriko da Urretxura. Azaroan, Lutxo Egiaren Zubigilea liburua landuko dute.