Ostadar Mendi Asteak 32. ekitaldia du aurtengoa. Gaur, Urretxuko eta Zumarragako Mendizaletasunaren Hastapenak erakusketa inauguratuko dute, eta, bide batez, Asteari hasiera emango diote. Erakusketarako aukeratu duten gaiak aurtengo Astearen nondik norakoa adierazten du bete-betean, izan ere, Ostadarrekoek arreta jarri diete bi herriotako mendizaleei, hala lehengoei nola oraingoei. Jonmikel Intsaustiren hitzetan, «gure aurrekoen lana eskertu eta aitortu nahi dugu, egungo mendizaleak zaleak gara beraiek izan zirelako».
Gaur irekiko duten erakusketan iraganetik gaur arteko bidaia bat proposatu dute Ostadarreko kideek. 50 argazki jarri dituzte aurreko mendeko 1920ko hamarkadatik 1980kora arte. Ez dira, halere, argazki soilak. Bakoitzari bere oina gehitu diote, non argazki bakoitzaren nondik norakoak xehatu duten. Irudiak kronologikoki antolatu dituzte. Hainbat mendizalek beren argazkiak utzi dizkiete, esate baterako, Amado Buron Mutikok zendu aurretik bere bilduma eman zion Ostadarri.
Erakusketa harago doa, eta 36ko gerra aurreko eta ondorengo testuinguruaren analisia ere bildu dute Antton Iturrizak bere liburuetan jasotakoa iturri gisa erabilita. Mendizaleen gabeziak, egindako berrikuntzak, trabak eta janzkera bildu dituzte. Intsaustiren hitzetan, «bi herriotako mendizaletasuna ezagutzera eman nahi dugu».
Barrutik kanpora begira
Ez da 32. Ostadar Mendi Astean bi herri horiei egingo dieten keinu bakarra. Antolatu dituzten ekintza guztien bihotzean urretxuar nahiz zumarragar bat edo hainbat dago.
Aurten hamar urte bete dira Xabier Ormazabal mendigoizale urretxuarra Shisha Pangma (8.013 metro) mendian zendu zela; Andoni Ormazabal anaiak saio bat egingo du Astearen barruan. Eskaladari tokia egingo diote eta Neskalatzaileak proiektuaren sortzaileak izango dira Zelai Arizti aretoan; tartean, Idoia Rubial zumarragarra. Cho Oyu (8.201 metro) mendiari begiratuko diote Oier Plazaola, Xabier Urrate eta Pedro Garciaren begietatik. Eta Juan Mari Gabilondok, aurten ere, Euskal Herriko mendiei buruzko saioarekin ez du kale egingo.
Gaurko inaugurazioarekin hasi baino ez da egingo 32. Ostadar Astea. Mundu zabalari begiratuta, iragana eta oraina uztartuko ditu Asteak.