Lau bazkari eta 30 lagun. Bizilaguna programak bertakoen eta kanpotik etorritako baina bertan bizi diren arteko hartu emanak sustatzen ditu. Herenegun bazkariak egin zituzten Urretxun eta parte hartzearekin gustura agertu da Saioa Puebla Urretxuko Aniztasun teknikaria. Helburuak dira etorkinen sarea zabaltzea da, aurreiritziak uxatzea, estereotipoak puskatzea eta familien artean esperientziak partekatzea.
Bertako ama eta alaba bikotea Ekuatore Ginean jatorria duen familiaren etxera joan zen. Afrikako herrialdeko bazkaria dastatu zuten eta alabak marrazki bat eman zion opari familiari. Bertako bikote baten etxean pakistandar taldea hartu zuten, bazkari euskalduna eta postre pakistandarra jan zuten, euskal musika eta musika pakistandarra entzun zuten, eta komunikazioa nola? Urduz, euskaraz, ingelesez eta hitzik ezagutzen ez duen keinuen hizkuntza unibertsalean. Pueblaren hitzetan:
“Gure arteko ezagutzari bultzada eman nahi diegu, elkarrekin egonda kulturen arteko elementu komunak agerian geratzen dira ez baikara horren ezberdinak”
Egitasmoa SOS Arrazakeriak eraman du herrietara. Urretxun lehen aldiz egin da, baina ez da azkena izan, berandu egitasmoaren berri izan zuen batek baino gehiagok hurrengoan parte hartzeko asmoa erakutsi baitio Pueblari.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Egin HITZAkide