Euskarak etorkizun oparoa izan dezan, toki eta esparru guztietan erabili behar da. Urretxuko eta Zumarragako Euskalgintza Foroak ederki asko daki hori, eta udaberrian Parketarrak egitasmoa jarri zuen martxan. Larunbatean, berriz, Kirola Euskaraz Bizi egitasmoa aurkeztuko du.
Izenak dioen bezala, helburua kirol munduan euskara erabiltzea da. Horretarako, sare bat sortu nahi dute, eta kirol munduarekin lotura zuzena duten guztien babesa behar dute: elkarteak, entrenatzaileak, kirolariak…
Horiei guztiei deialdia luzatu die. Kirola euskaraz bizi nahi duten guztiek larunbat honetan dute hitzordua: 12:30ean, Areizaga-Kalebarren plazan. Bertan, kirola euskaraz egiteko eskubidea eta nahia aldarrikatuko dute. Aritz Lasa pilotariak manifestu bat irakurriko du eta argazki bat aterako dute. Gainera, egitasmoaren irudia aurkeztuko dute, eta irudia hori kirol ekitaldi guztietan erabiltzeko asmoa dute.
Urretxuko eta Zumarragako Euskalgintza Foroan kirolaz arduratzen diren lagunak dira egitasmo honen bultzatzaileak: Asier Auzmendi, Jesus Mari Garralda, Eñaut Urbizu, Rikardo Babarro eta Uxue Fernandez.
Auzmendik eta Garraldak orain arteko saiakera gehienak kirol taldeei zuzenduak izan direla diote. «Kartelak euskaraz jartzea eta halakoak eskatu zaizkie, baina ez genuen giroa euskalduntzea lortzen. Udaberrian beste bide honi ekin genion: atxikimendu pertsonalak eskatzea erabaki dugu. Ez dugu klubetako jendearen atxikimendua bakarrik nahi, baita kiroldegiko ikastaroetara edo bidegorrira joaten direnena ere. Guztiak larunbateko ekitaldian nahi ditugu, eta joaterik ez dutenek, Interneten atxikimendua emateko aukera edukiko dute».
Herritarrek euskaraz egin nahi duten bizilagunak identifikatzea oso garrantzitsua dela uste dute. «Euskaraz dakigunon artean euskaraz egitea, kanpotik datozen taldeetako kirolariei edo epaileei lehen hitza euskaraz egitea, Whatsapp taldeetan euskara erabiltzea… lor dezakegu». Klubek euskararen erabilera elkarrekin bultzatzeko balio dezakeela ere uste dut. «Euskara gehiago erabiltzeko dituzten arazoez hitz egin dezakete eta irtenbideak denen artean topatzen saia daitezke».
Kirola euskararen zabalkunderako alor garrantzitsua dela uste dute. «Jende askok egiten du kirola eta, gainera, gazteen artean arrakasta handia du. Urretxuko eta Zumarragako euskal mundua garai batean baino euskaldunagoa da eta jendeak euskaltzale bezala identifikatzen duenarekin euskaraz egiteko ohitura du».