Mendiak ez du generorik, eta haitzetako paretek ere ez. Baina, gizonezkoenak dira mendi abentura zein eskalada erronka sonatuenetan agertzen diren aurpegi gehienak, eta emakumeari mendiko kirolen esparruan bultzada emateko asmoz sortu zuten Neskalatzaileak taldea orain bost urte. Sortzaileak Ana Ruiz eta Idoia Rubial dira; Rubial zumarragarra da. Gaur, Ruizek eta Rubialek 32. Ostadar Mendi Astearen barruan Aztarnak dokumentala aurkeztuko dute Zelai Arizti aretoan.
Bi eskalatzaileak hainbat txapelketatan aritutakoak dira. Txapelketa gehiagotan parte hartu ahala, beraientzak ageriagoa egin zen emakumeen parte hartze urria. Rubialen hitzetan, «Ana eta biok elkarrekin eskalatzen hasi ginenean konturatu ginen oso gustuko genuela mendian emakumezko gehiago ikustea. Gu, gero eta emakume gehiago lehian, orduan eta motibatuago gaude». Emakumeen parte hartze txikiaren gogoetaren harira, Neskalatzaileak taldea sortu zuten.
Dena dela, eta Rubialen arabera, hasieratik garbi izan zuten emakumeen parte hartzea bultzatu arren, gizonezkoak ez zituztela baztertuko. Eskalada, arroiak, ferratak, gailurrak egitea, orientazioa… Beren asmoa emakumeei mendian egiten diren kirol modalitate ezberdinak probatzeko aukera ematea da. Rubialek dioenez, «urte hauetan konturatu gara emakume askori lehen pausoa ematea kosta egiten zaiola. Gure asmoa beldur hori kendu, eta bultzada ematea da».
Aztarnak dokumentala erakutsiko dute gaur. Neskalatzaileak sortu zutenetik gaur arte ezagutu dituzten emakumeak agertzen dira bertan. Rubialek azaldu duenez ez da, halere, elkarte soila: «Guretzat filosofia bat da. Bizipenak, motibazioak eta sentsazioak partekatzeko gai dena da neskalatzailea, eta hori islatu dugu dokumentalean».
Ostadar Mendi Astea – Egitaraua
- Gaur, asteazkena. Mendia Emakumezkoan, Aztarnak. Neskalatzaileak: Idoia Rubial eta Ana Ruiz. Zumarragako Zelai Arizti aretoan, 20:00etan.
- Bihar, osteguna. Cho Oyu. Oier Plazaola, Pedro Garcia eta Xabier Urrate. Urretxuko Labeaga aretoan, 20:00etan.
- Etzi, ostirala. V. Haur Argazki Rally-aren sari banaketa. Urretxuko Labeaga aretoan, 20:00etan.
- Azaroak 29, igandea. Batzar Nagusi Orokorra. Zumarragako Zelai Arizti kultur etxean, 19:00etan.
- Azaroak 30, igandea. Mendi irteera: Kodesetik Joar mendira (1.416 metro) Araba eta Nafarroa artean. Irteera ordua: 07:00. Tokia: Zumarragako Andre Mari Jasokundearen parrokia aurrean. Ibilaldiaren ondoren bazkaria egingo dute.
- Azaroaren 30era arte. Urretxu-Zumarragako mendizaletasunaren hastapenak erakusketa Juan de Lizarazu aretoan, Urretxun.
- Abenduaren 8ra arte. Fragmentos erakusketa Zumarragako Zelai Arizti kultur etxean.