Dornaldegi baserriko Andoni Elgarrestak eta zortzi lankidek irabazi dute loteriaren sari nagusiko bigarren saria
Urretxuko Egia familiaren estankoan loteriaren sari nagusiko bigarren sari bat eman dute (125.000 euro). Dezimo saritua Dornaldegi baserriko Andoni Elgarrestak erosi zuen, berarentzat eta Irizarreko beste zortzi lankiderentzat. Bakoitzak dezimo bat erosten du urtero, bukaera ezberdin batekin. Elgarresta etxean zegoen, zozketa ikusten, euren zenbakia atera dutenean. Zenbakia ezaguna egin zaio eta dezimoa hartzera joan da. Saria irabazi dutela jakin bezain laister, lankideei deitu die. “Lagunei zoriona eman behar niela jakiteak asko poztu nau. Hasieran adarra jotzen ari nintzela uste zuten. Bazkari bat egingo dugu ospatzeko. Niri dagokidana lehenbailehen gastatuko dut, inor eskean etorri aurretik!”, esan du urretxuarrak. Bederatzi sarituak Urretxu, Zumarraga, Ormaiztegi, Tolosa eta Orexakoak dira.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Egin HITZAkide