Ostadar Urretxuko eta Zumarragako mendi taldeak etzi inauguratuko du aurtengo mendi denboraldia. Urnietako (Gipuzkoa) Adarra mendiko tontorra ukitzeko asmoa daukate. Abendura bitartean, hamaika irteera egingo dituzte, hain justu. Horrez gain, Iñaki Beitiaren omenezko XIX. mendi martxa antolatzen lagunduko dute eta 33. Ostadar mendi astea ospatuko dute azaroan.
Aurreko azaroan, Ostadar Mendi Asteari amaiera eman zioten elkarteko batzar nagusiarekin. Batzar hartan, 2015eko irteerak zerrendatu zituzten eta baita taldeko kideen zereginak zehaztu ere. Irteera bakoitza antolatzeko modu jakina dute. Aurrez, irteerek sei ordutik gorakoak ez izatea da jartzen duten baldintza bakarra.
Esate baterako, etzi Urnietako Adarra mendira egingo duten txangoa aurrez egin du jada Ostadarreko kide batek. GPS bidez grabatu egin du ibilbidea eta Interneteko orrialdean zintzilikatu du (ostadar.org). Nondik igaroko diren, lekuen izenak, seinaleak… Hori guztia jaso ez ezik, ibilbide bakoitzak gordetzen dituen toki esanguratsuak ere adierazten dituzte. Etzikoa, adibidez, cromlech edo mairu-baratze eremua da eta, besteak beste, tenetako menhirra ikusiko dute. Jasotako informazio hori guztia bildu, eta mendizaleei triptiko bana ematen diote. Etzi 07:30ean abiatuko dira Urnieta aldera Zumarragako Elizkaletik eta 18:00etan itzuliko direla aurreikusi dute.
Aurtengoan ez dute ibilaldi segidarik egingo. Aukeratu dituzten irteeren artean aurretik egindako batzuk errepikatuko dituzte. Adarra mendira joanak dira jada, hain zuzen 1982an. Hala ere, parajea hain aldatuta dago, Ostadarreko kide baten esanetan errepikatzea merezi duela: «Ibilbidea egitera joan nintzen eta lehen belarra zegoen tokian pinuak daude orain, alderik alde». Horrez gain, errepikatzearen aldeko agertu da beste arrazoi bategatik ere, hain zuzen: «Horrenbeste urteren buruan irteeratara datorren batek baino gehiagok ez ditu mendi horiek ezagutzen». Ordunte, Itxina eta Andiako irteerak ere berriz egingo dituzte aurtengoan.
Gazte gutxi
Irteeran parte hartzen dutenen batez besteko kopurua 32 lagunekoa da. Emakumezkoen zein gizonezkoen kopurua antzekoa da. Ez dago baina mendizale berririk. «Ibilaldietara goazenak pertsona berak izaten gara urte osoan zehar. Akaso, irteera jakinetara gazteren bat dator, baina ez da ohikoena».
Uda parterako utziko dituzte, urtero bezala, Piriniotako irteerak. Aurten Riglos aldera joango dira lehenengo aldiz, Huescako Aurrepiriniora, alegia. Irailean Frantziako Piriniotan barrena hirumilako bat igotzeko asmoa daukate: Maupas gailurra (3.109 metro). Pirinioetara egiten dituzten txangoetan mendizaleak «oso pozik» ibiltzen direla dio Ostadarreko kideak, «lakuak eta errepidetik hiru ordutara dauden aterpetxeetan egotea gustura asko hartzen dute mendizaleek».
Bestelakoan, Iñaki Beitiaren omenezko XIX. mendi martxaren antolaketan parte hartuko dute Ostadarreko kideek. Martxa datorren maiatzaren 31n izango dela aurreratu dute mendi taldetik. Horrez gain, Ostadar Mendi Astearen 33. ekitaldia egingo dute azaroaren 23tik 29ra.
Federatu txartelak
Urtarrilaren 30era bitartean mendi federatu txartelak egiten ari dira Ostadarren egoitzan. Txartelak egiteko asteartetan, ostegunetan eta ostiraletan 20:00etatik 21:00etara jo daiteke Zelai Arizti kultur etxean duten egoitzara.
IRTEEREN EGUTEGIA
- Urtarrilak 11. Adarra (819 metro). Arano-Adarra mendia-Urnieta. Gipuzkoa.
- Otsailak 8. Bargagain (1.153 metro). Bargagain mendia-Urbasako Baso Magikoa. Nafarroa.
- Martxoak 8. GR38, 1go etapa. Oion – Mantible zubia – Carravalseca eta Carralogroñoko aintzirak – Guardia. Araba.
- Apirilak 12. Ordunte mendia. Karrantza-Burgüeño (1.044 metro) – Kolitza (883 metro) – Balmaseda. Bizkaia.
- Maiatzak 10. Itxina mendigunea. Urigoiti -Atxulaurreko begia – Superlegor kobazuloa – Lekanda (1.309 metro) – Kargaleku – Orozkoko elurzuloa – Sintxitako sakana – Urigoiti. Bizkaia.
- Ekainak 14. Andia mendia. Mugaga (1.208 metro) -Hirutasun Santuaren ermita 1.223 metro – Arbiozeko sakana – Ubaguaren iturburua – Errezu. Nafarroa.
- Uztailak 11-12. Aurrepirinioa. Mallos de Riglos eta Agüero.
- Irailak 12-13. Frantziako Pirinioak. Luchon.
- Urriak 11. Izki mendia. Bujanda – Soila (994 metro) – Korres – Mantxibio (937 metro) – Maeztu. Araba.
- Azaroak 29. Aizkorri mendizerra. Ondoren, bazkaria egingo dute Arantzazun. Gipuzkoa.