Goierri mendi taldeak irteera eta ikus-entzunezkoa antolatu ditu
Goierri elkartearen mendi sailak Gorbeiara irteera eta ikus-entzunezko baten emanaldia antolatu ditu aste honetarako. Ostiralean 2014an ateratako argazkien emanaldia egingo dute eta igandean Gorbeiara joango dira.
Emanaldia Labeaga aretoan izango da, 19:30ean. Bertaratzen direnek, iazko mendi irteeretan parte hartu zuten mendizaleek ateratako argazkiak ikusteko aukera edukiko dute.
Datorren igandeko irteerari dagokionez, urteko lehenengoa izango da. Mendizaleak 07:00etan irtengo dira, elkartearen egoitza azpitik. Autobusak Zigoitia bailarako (Araba) Etxaguen herrira eramango ditu. Oketa eta Gorbeia mendiak igoko dituzte eta, ondoren, egoki badatorkie, Mairulegorreta koba bisitatuko dute. Koba hori Gorbeiako ezagunenetakoa da.
Parte hartu nahi dutenek, elkartearen egoitzan eman behar dute izena: bihar eta ostiralean, 19:00etatik 21:00etara. Bazkideek 12 euro ordaindu behar dute eta bazkide ez direnek, 15.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Egin HITZAkide