Datorren larunbatean Zumarragako azokako saltzaileek lehenengoz hondakinen gaikako bilketa egingo dute. Sasieta Mankomunitateak aspaldi zuen gaikako bilketa azokan ezartzeko asmoa, Goierriko beste herrietan egin duen bezala. Aitzitik, Iñaki Erauskin Sasietako zerbitzuburuaren hitzetan, «bi arazo tarteko ezin izan dugu orain artean ezarri».
Alde batetik, Erauskinek azaldu duenez, «Zumarragako Udalak toki bat behar zuen edukiontziak uzteko, eta plaza inguruan ez dauka lokalik». Beste arazoa edukiontziekin sortu da. Izan ere, Sasietak edukiontzi hornitzailearekin kontratua eten berri du kontratua ez duelako bete, eta, edukiontzirik gabe, bederatzi hilabetez atzeratu da gaikako bilketaren ezarpena Zumarragako azokan. Dagoeneko edukiontziak Zumarragan daude.
Behin arazoak konponduta, aurreko larunbatean udaltzainek idatzi bat banatu zieten saltzaileei, non hondakinen kudeaketari eta garbiketari buruzko azalpenak zerrendatzen ziren.
Idatzian, besteak beste, edukiontziak puntu bakar batean kokatuko direla azaldu zieten eta, bide batez, nork bere zaborrak eraman beharko dituela puntu horretara.
%1,2
Igoera birziklapenean
Zumarragako azokan larunbatero sortzen diren hondakin guztiak birziklatuko balira tasak izango lukeen igoera da. Iaz birziklatze tasa osoa %38 izan zen.
Puntu bateko igoera erreala. Hondakin horien artean errefusa ere egongo denez, Sasietaren kalkuluen arabera, tasak puntu bateko igoera izan lezake azokako gaikako bilketari esker.
Tokiak garbi utzi
Garbiketari dagokionez, postua jasotakoan saltzaile bakoitzak bere lekua garbi utzi beharko du, ondoren garbiketa zerbitzukoek erratzaz azken garbiketa egin dezaten. Udalak, idatzian, saltzaileei ohartarazi zien garbiketa behar bezala egiten ez badute, neurriak hartuko dituela.
Larunbatean Sasietako teknikari bat azokan bertan egongo da saltzaileen zalantzak argitzeko. Dena dela, saltzaile gehienek gaikako bilketa egiten dute jada inguruko herrietako azoketan eta badute eskarmentua.
Eguerdian azoka ixten dutenean udaletxeko langileek edukiontziak jaso, eta Zumarragako pabilioi batera eramango dituzte. Hain zuzen, garbiketa enpresak erabiltzen duen pabilioia da. Sasietako kamioiak han jasoko ditu hondakinak eta, ondoren, Sasietako langileek hustutako edukiontziak garbituko dituzte.
Edukiontzi kopurua
Larunbatean gehienak edukiontzi urdinak izango dira. Sasietak egindako aurreikuspenen araberakoa ezarri dute edukiontzi kopurua. Edozein kasutan, azoka egun guztiak ez dira berdinak eta kopuruak behin behinekoak dira.
Iazko bilketaren datuen arabera, Zumarragak 3.300 tona zabor sortu zituen. Horietatik 40 tona larunbateko azokatik atera ziren. «Merkatuan gaikako bilketa egitea urrats bat da, bilketaren kultura zabaltzeko beste pauso bat, alegia», dio Erauskinek. Izan ere, Zumarragak sortzen duen zabor bolumenaren zati txiki bat da azokarena. Bien bitartean, Zumarragako Udalak, aurten, edukiontzi marroiaren erabiltzaileentzat hondakin tasaren gaineko hobaria ezarri du eta Sasietatik elkarteekin lanean ari dira.